AVK Gipuzkoa Sortzen taldea, Euskal Ligako finalerdietan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 28a, 16:00

AVK Gipuzkoa Sortzen taldeak pauso garrantzitsua eman zuen, hilaren 24ean. BRT Menditarrak 22-17 gainditu zuen taldeak Atsobakar kirol gunean fase erregularreko azken jardunaldian eta Euskal Ligako I. mailako finalerdietan sartu da taldea 

Lehen zatian nagusi izan zen etxeko taldea. Jokin Beloki herritar eta kapitainak gidatuta 22-0ko markagailuarekin iritsi ziren atedenaldira. Belokik berak entsegu bat egin zuen.

Bigarren zatian, aldiz, Nafarroa Garaiko taldeak pixkanaka markagailua murriztu zuen bost puntura geratuz. AVK Gipuzkoa Sortzenek azken minutuetan defentsa lan ederra eginez, ez zien neurketari itzulia ematen utzi. Era horretara, 22-17 amaitu zen  partida.

Garaipenari esker, sailkapeneko laugarren postuan amaitu du fase erregularra Gipuzkoa Sortzenek eta I. mailako ligako lauko lehian sartu da.

Finalerako bidean lan zaila izango du herriko jokalariak dituen taldeak; ligako lehen sailkatu izan den Betsaide Elorrio gainditu beharko du. Joan eta etorriko finalerdiak jokatuko dituzte; maiatzaren 4an Donostian jokatuko dute lehen hitzordua; hil horretako 17an, aldiz, Elorrion jokatuko dute bigarren partida. Hori gaindituz gero, finalean egongo lirateke; hitzordua maiatzaren 31n izango da.

Gipuzkoa Sortzeneko Ohorezko B mailako taldeak ere garaipena erdietsi zuen Astiko zelaian, Zarautzen; 13-7 irabazi zuen Steelphalt Getxo rugby taldea.

Saletak ere liga jokoan

Ohorezko mailako azken jardunaldia ere jokatu zen hilaren 26an eta 27an. Alex Saleta herritarra kide duen VRAC Quesos Entrepinares taldeak bigarren sailkatu zen Recoletas Burgos Caja Rural gainditu eta A multzoko lehen postua finkatu zuen.

Ondorioz, Espainiako txapelketako final laurdenetan da herritarraren taldea eta azken faseari hasiera emateko Barça Rugby izango du aurkari maiatzeko lehen asteburuan.

Euskadirekin Biarritzen

Hiru egun lehenago, hilaren 24an, Euskadiko 18 urtez azpiko selekzioak Biarritz Oliympique taldearen aurkako lagunartekoa jokatu zuen Biarritzeko Agilera zelaian (Lapurdi). Bertan Beltzak RTko harrobiko hiru kide izan ziren lehian: Eneko Sanchez, Lander Zabala eta Joanes Arroyo. Ederki lehiatu arren, Euskadik 66-16 galdu zuen; Sanchezek neurketa "ezinhobea" egin zuen eta Zabalak zein Arroyok entsegu bana lortu zuten.

Zabala, Sanchez eta Arroyo, neurketa amaitzean. Arg.: Beltzak RT.