Euskal Ligako bidea ederki hasi du Eguzki Goxokis Goxuak taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 28a, 14:30

Eguzki Goxoki Goxua taldeak Euskal Ligako lehen jardunaldia lehiatu zuen hilaren 27an, Maialen Chourraut kiroldegiko kantxan. AD Calasanz talde gasteiztarra izan zuen aurrez aurre eta etxekoak nagusi izan ziren, 9-2 irabazi zuten

Indartsu atera ziren Gorka Redondok zuzentzen dituen gazteak kantxara eta hasi bezain laster bi gol egin zituen etxeko taldeak.

Nahiz eta aurkariek Eguzkiren huts batengatik errenta murriztu, Lasarte-Oriako taldea nagusi izan zen neurketan. 

Aukera ugari izan zituzten golak egiteko, baina baloiak ez zuen gasteiztarren sarera sartu nahi. Hala ere, zazpi gol gehiago egin zituzten hori-beltzek eta gasteiztarrek ez zuten beste aukera garbirik izan.

Gorka Redondo entrenatzailea pozarren dago lehen partidako emaitzarekin: "Nahiz eta gol askorengatik irabaztearen aldeko ez izan, hain txapelketa laburrean ongi datorkigu aldeko gol kopurua handia izatea. Horrek lehen postua erabaki baitezake. Saria pottoloa da".

Aurkarien lehen jardunaldiko emaitzak ere Lasarte-Oriako txaldearentzat ezin hobeak izan direla onartu du Eguzkiko entrenatzaileak: "Lehen jardunaldian bizkaitarrek bina berdindu dute eta Lauburuk Arabako beste taldea gainditu du. Logikak dio azken bi talde horiek gainditu ahal ditugula; Lauburu ligan lau alditan irabazi dugu".

Bi partida lau egunetan

Aste honetan bi norgehiagoka gehiagori egin beharko die aurre herriko taldeak. Ostegunean, maiatzaren 1ean, Bilbon (Bizkaia) egingo du bidaia Eguzki Goxokis Goxua Otxartaberen aurka jokatzeko eta hiru egun geroago, etxean, Lauburu KE Ibarra A taldeari egingo dio aurre.

Redondok azaldu duenez, bigarren jardunaldiko lehiak lehen postua zein taldean artean jokatuko duten argitu dezake: "Lauburuk eta guk Bizkaiko taldeen aurka jokatuko dugu eta orduan, ezagutuko dugu bizkaitarren maila zein den. Biek irabaziz gero, logikak dio Gipuzkoako taldeen artean egongo dela lehia".

Hala ere, zuhurtziaz neurketaz neurketa joan beharko direla onartu du: "Ligan ongi aritu gara, baina Euskal Liga itzuliko bakarrekoa denez, beti diozu beldur neurketa txar bati".