Futbolaz gaindiko txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 27a, 14:00

Texas Lasartearrak eta Aspanogi Elkarteak II. Benjamin Txapelketa prestatu dute larunbat honetan, Michelinen. Egun osoan zehar euria protagonista izan arren, zelaia animatzailez beterik izan da.  

Futbolaz eta elkartasunez beteriko jardunaldia. Torneoak helburu jakina izan du, hots, bildutako dirua minbizia duten adingabeen familiei ematea. Gipuzkoako zein Lapurdiko zortzi futbol taldeek parte hartu dute: Kostkas, Sporting Herrera, Vasconia, Sanse, Les Eglantins, Martutene, Ostadar eta Texas Lasartearra. Guztira 2015. eta 2016. urteetan jaiotako 250 bat ume aritu dira norgehiagokan. 

Jardunaldian zehar, bi stand ipini dira, Michelinen. Batean, Aspanogi Elkarteko kideak haien proiektuaren berri ematen aritu dira, baita mechandisinga saltzen ere. Bestean, bonoak eman dira gerora horiekin tabernako jakiak erosteko. Torneoa amaitzean, bono horiekin sorteoa egin da Jon Martin Errealako jokalariaren elastikoa, Aspanogiren hainbat kamiseta eta Texas Lasartearrak prestatutako saskiak zozketatzeko. 

Benjaminek zelai osoan jokatzen ez dutenez, bitan banatu dute Michelingo zelaia. Hartara, bi partida jokatu dira, aldi berean. Zati batean, 2015ean jaiotakoak lehiatu dira, eta bestean, 2016koak. Lehenengo fasea, goizeko hamarretan hasi da; kurioski, Ostadarren eta Texas Lasartearren arteko derbiarekin. Hamabost minutu iraun dute partidek, eta dinamika berarekin jokatu dituzte kanporaketak. Etxeko taldeak ez dira lehenengo fasetik pasa. 

Euri eta haize zitalaren ondorioz, finalerdiak atzeratu egin dira. Hala ere, jokalariak gogotsu aritu dira; berdean jokatzen ala euren taldekideei aulkitik animatzen. Finala lapurtarren eta donostiarren artekoa izan da. 2015ekoen kategorian, Les Englantins eta Martutene neurtu dira. 2016koan, berriz, Vasconia eta Les Englantins. Partida horiek luzeagoak izan dira hamabost minutuko bi zatitan jokatu baitira. Biziki aritu ondoren, donostiarrek irabazi dituzte bi finalak, hau da, Martutenek eta Vasconiak. 

Segidan, sari banaketari ekin diote. Jokalariak saritu aurretik, Texas Lasartearra taldeko lehendakari Ángel Rosak Isaac Farré argazkilaria omendu nahi izan du ekipoarekiko izandako harremana dela-eta. Jarraian, sorteoko irabazleak erabaki dira, eta bukatzeko, txapelketako irabazleei euren saria eman die Aspanogi Elkarteko ordezkari Naroa Larrañagak eta Lasarteko alkate Agustin Valdiviak.