Musikarekiko zaletasuna "txiki-txikitatik" sustatzea garrantzitsua dela iritzita, udaleko Kultura zinegotzi Ainara Elicecheak herritar guztiak gonbidatu ditu kultur etxeko ikastaroetan izena ematera, eta, batez ere, etxeko gaztetxoenak. Matrikula baino lehen (ekainaren 9tik 16ra izango da) "ezinbesteko urrats" bat egin beharko dute interesa dutenek: aurrematrikula, hilaren 28tik maiatzaren 7ra. Txokoak, musika hizkuntza, musika tresnak, txistua, akordeoia, biolinam zeharkako flauta, pianoa, gitarra, perkusioa... Eskaintza "zabala" prestatu dute datorren kurtsorako, kultur etxeko kudeatzaile Rebeka Parrasek azpimarratu duenez. Jardueren gaineko kontsultak edota "zalantza pedagogikoak" dituztenek musikaeskola@lasarte-oria.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute.
Arduradunak zehaztu du aste honetan ari direla eskuorriak banatzen eta etxeko postontzietan jasoko dituztela herritarrek. Aurrenekoz matrikula egiteko unean (hau da, 2021ean jaio direnak) dauden 600 ume daudela jakinarazi du eta, Elicecheak bezala, izena ematera eta musikaren munduan murgiltzera gonbidatu ditu haur, familia eta helduak.
Kultur etxeko pedagogia planak lau maila ditu. Musika txokoetan parte hartu nahi dutenak daude lehenengoan, 2018 eta 2021 urte artean jaio diren haurrak biltzen dituenak, urte bakoitzekoa bere taldean. Bigarren mailan biltzen dituzte hastapenean dauden ikasleak, 2012 eta 2017 artean jaiotakoak; hirugarrenean, berriz, 2011 edo lehenago jaio diranak. Azkenik, instrumentua taldean lantzen jarraitu nahi duen ikaslegoa dago laugarren mailan, baldin eta bigarrena edo hirugarrena gaindituta badute.
Ikastaroen tarifak
Etxez etxe zabaldu duten eskuorrian jaso dituzte datorren ikasturterako ikastaroen tarifak:
Musika txokoa | 310 euro |
Musika hizkuntza | 310 euro |
Txistua edo akordeoia | 242,70 euro |
Musika hizkuntza + Tresna | 574,20 euro |
Musika hizkuntza + Txistua edo akordeoia | 449,95 euro |
Abesbatza | 51,95 euro |
Kamara | 155,90 euro |
Musika tresnako taldea | 102,30 euro |
Parrasek jakinarazi du egoera jakin batzuetan dauden herritarrek hobariak dituztela kuota ordaintzerakoan: familia ugariak dituztenak, gazte txartelaren erabiltzaileak, Gizarte Larrialdiko Laguntzen erabiltzaileak...
Esan bezala, aurrematrikula egin dutenek soilik izango dute ekainaren 9tik 16ra matrikula egiteko aukera, udaletxeko erregistroan (eraikinera joanda) edo erregistro elektronikoan. Tarte hori igaro ostean tokirik balego, irailaren 1etik 15era beste deialdi bat egingo lukete.
Ordaintzeko moduak
Kultur etxean ikasteko toki bat eskatzen dutenek aukeratzen duen ekimenari dagokion kuotaren % 10 ordaindu beharko du aurrematrikula egiterako unean. Matrikulatu ostean, aurreneko kobraketan kopuru hori deskontatuko diote erabiltzaileari. Hori bai, azkenean matrikulatzea erabakitzne ez duenak ez du aurreratutako diru hori berreskuratzeko eskubiderik izango.
Herritarrek aukera izango dute kuota osoa ordaintzeko (irailaren 25etik 30era) edo hamar hilabetetan pagatzeko, irailetik ekainera. Hilabete horietako bakoitzeko 25. eta 30. egunen artean kobratuko du udalak.