Ur parke bat eraikitzen hasi dira Atsobakarren

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 23a, 12:30

Udaleko Zerbitzu Publikoetako buru David Mateos eta Agustin Valdivia alkatea, obra eremuaren aurrean.

Aldaketa klimatikoagatik, besteak beste, Lurra planetaren batez besteko tenperatura igotzen ari da, udarako egunak gero eta beroagoak baitira. Horri aurre egite aldera egitasmo bat martxan jarri du Lasarte-Oriako Udalak eta hamar hilabeteren buruan freskatzeko gune bat izango dute eskura herritarrek, Atsobakar auzoan, kirolgune berriaren ondoan. 586 metro karratu inguruko eremua izango da, eta, udal ordezkariek dakitela behintzat, ezaugarri horiek dituen Euskal Autonomia Erkidegoko parke "handiena". Lanen aurrekontua 830.509,21 eurokoa da (BEZa barne).

Atsobakarreko parke ingurutik paseatu duen herritar batek baino gehiagok galdetu die Agustin Valdivia alkateari ea zer eraikitzen hasi diren hor, kirolgune estreinatu berriaren parean. Lanak oraintxe hasi eta hamar hilabete irautea aurreikusten badute ere, berak eta Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek egitasmoari buruzko xehetasunak azaldu dituzte, lasarteoriatar denek jakin dezaten zer duten esku artean. Ur parke bat eraikitzen ari dira, 586 metro karratu izango dituena eta udarako egun beroenetan freskatzea ahalbidetuko duten 32 elementu, besteak beste, ur txorrotak. 830.509,21 euro bideratu ditu erakundeak (BEZa barne). 

Esan bezala, ondo bidean hamar hilabete beharko dituzte parkea bukatzeko eta, beraz, herritarrek ezingo dute udara honetan erabili. "Kanadan eraikitzen dituzte gisa honetako eremuetarako kalitate handiko piezak, esklusiboki, eta horretarako denbora behar dute", azaldu du Mateosek. Zehaztu du espazio "inklusibo" bat izango dela eta edonork erabili ahalko duela, adina eta ezaugarriak edozein izanda ere. Bertaratzen diren guztiek erabili ahalko dute, hori bai, aurrez ezarritako ordutegiaren barruan. "Instalazioan bertan jarriko ditugu panel batzuk, erabiltzaileek irekiera eta itxiera orduen berri izan dezaten", gehitu du alkateak. 

Parke hori urtaroka erabiltzeko asmoa du udal gobernuak, batez ere, udaran. Urteko garai beroenak igarota, ur elementuak gordeko dituzte baina herritarrek berdin-berdin erabili ahalko dute eremu hori.

Atsobakarreko etorkizuneko ur parkearen infografia bat. Iturria: Lasarte-Oriako Udala.

Depositoak, 10.000 litro

Piszinek izaten duten berrerabilera sistema antzeko bat jarriko dute ur parke horretan, ahalik eta ur gutxien xahutzeko asmoarekin. 10.000 litroko deposito batek freskatuko ditu herritarrak eta eremuan barrena erabilitako likido hori berriz jasoko du, garbitu eta berriro ere zirkulatzen jartzeko gero. 32 elementu izango dituzte eskura gune hori erabiltzen dituztenek eta lurra hormigoizkoa izango da, freskatu bitartean herritarrak irrista ez daitezen. 

Alkateak gogorarazi du udal gobernuak 2023-2027 legealdirako hartutako konpromisoetako bat dela aldaketa klimatikoaren efektuei aurre egiteko espazioak egokitu eta eraikitzearena. Norabide horretan doa Atsobakarren egiten hasi diren ur parkea. Bestalde, alkateak aurreratu du gisa horretako beste esku hartze mota bat izan daitekeela herriko zenbait espazio "birnaturalizatzea". Horretarako aproposak izan daitezkeen guneak identifikatzeko ikerketa bat jarri dute martxan.