Europara sailkatzeko lehia inoiz baino estuagoa izaten ari da aurten. Kontinenteko onenen aurka jokatzeko txartela seigarren denboraldiz jarraian poltsikoratu nahi du Realak eta horretarako berebizikoa izango litzateke gaurko euskal derbian gailentzea. Arerioa, Alaves, ez dago ezer oparitzeko moduan, datorren denboraldian lehen mailan lehiatzen segi ala ez baitu jokoan. 21:30ean hasiko da Mendizorrotza estadioko neurketa eta ETB1 kateak zuzenean emango du.
Berdegunera irteten diren 22 jokalarien artean, ziur asko, Jon Martin herritar gaztea izango da. Igor Zubeldia eta Nayef Aguerd titularrak lesionatu zirenean eman zion hasieratik aritzeko aukera entrenatzaileak eta bikain ari da hori baliatzen, Aritz Elustondorekin bikotea eginda. Are gehiago, Mallorcaren eta Vila-realen aurkako neurketetan txuri-urdin onenetako bat izan zen, batez ere, arerioen aurrelariekin izan dituen doiko dolu gehienak buruz irabazita. Lasarteoriatarraren bertute hori bera nabarmendu zuen Alguacilek atzo, gaurko partidaren aurreko agerraldian: "Aritu den kategoria guztietan oso sendo aritu da Jon goiko baloiengatik borrokan eta lehen mailan ere erakusten ari da. Are gehiago esango nuke, ligako onenetako bat da horretan. Hori esanda, oraindik asko du hobetzeko, jokoaren beste alor batzuetan eta baita hain ona". Gehitu zuen "oso pozik" dagoela atzelari gaztea egiten ari den lanarekin eta izaten ari den bilakaerarekin.