Aurtengo literatura lehiaketetan parte har dezakete dagoeneko herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 22a, 12:45

Iazko lehiaketetako sari banaketa.

Helduen nahiz haurren sariketak martxan jarri ditu Lasarte-Oriako Udalak, urtero bezala, "euskarazko eta gaztelaniazko literatura sorkuntza bultzatzeko", Kultura zinegotzi Ainara Elicecheak jakinarazi duenez. Lanak aurkezteko maiatzaren 16ra arte izango dute idazleek.

Helduen lehiaketa 34. aldiz aurrera eramango dute, eta gaztetxoena, 37. aldiz. Elicecheak nabarmendu du "talentu berriak aurkitzeko" ez ezik, ekimenak baliagarriak direla "euskararen eta literaturaren erabilera bultzatzeko". Idazlanek bete beharreko baldintzei buruzko eta sariketei buruzko informazio guztia oinarrietan eskura dezakete herritarrek, baina zinegotziak zenbait xehetasun aurreratu ditu. Obrek originalak eta aurretik inon argitaratu gabeak izan beharko dute eta izengoiti bat erabili beharko dute egileek aurkezterakoan, norberaren datu pertsonalen orria lan horri aparte atxikita. Epaimahaiko kideek urrian deliberatuko dute eta sariak azaroaren 22an banatuko dituzte, kultur etxeko hitzaldi aretoan.

Bi espezialitate

Helduentzako literatura lehiaketan poesia eta mikrokontakizuna espezialitateetan parte hartzeko aukera izango dute 2009an edo lehenago jaiotako herritarrek. Saritan 650 euro eta diplomak emango dituzte kategoria horietako bakoitzean. Horrez gain, 16 eta 26 urteko herritarren artean Lasarte-Oria aipamen berezia emango dute, hautagairik balego.

Bestalde, Haur eta Gazteen 37. Lehiaketan 2010 eta 2016 urteen artean jaiotako ikasleei zuzenduta dago; jaiotze urtearen arabera hiru kategoriatan parte hartuko dute. Ipuina eta poesia espezialitateak sarituko dituzte, euskaraz biak ere, eta 200, 150 eta 100 euroko sariak emango dituzte maila horietako bakoitzean. "Aurkeztutako testuen sormena, kalitate literarioa eta hizkuntza menperatzea baloratuko ditu epaimahaiak", azaldu du Elicecheak.

Idaztea "askatasun eta irudimen jarduera bat" dela azpimarratuta, Kultura zinegotziak herritar guztiak animatu ditu aipatu lehiaketa horietan parte hartzera. "Horrenbeste urtez antolatu izanak erakusten du Lasarte-Oria badela kulturaren alorra balioesten duen udalerri bat eta harro gaude idatzizko hitzaren bidez gauzak adierazi nahi dituztenei espazio hori ematen jarraitzeaz".