Kategoria horretan munduko beste 11 herrialdetako zerbitzariekin batera izendatu dute Pavon: Erick Medina (Honduras), Adolfo Zepeda (Nikaragua), Joseph Pate (Belize), Abner Escobar (Guatemala), Glorianny Cilie (Dominikar Errepublika), Jair Carballo (Mexiko), Roberto Montero (Costa Rica), Jorge Luis Carrero Barrios eta Miguel Angel Martinez (Kolonbia), Andres Valencia (Ekuador) eta Rocio Jael (Argentina).
Ibilbide oparoa koktelgintzan
Pertsona "ausart eta ipurtarin" gisa definitzen da Yon Pavon. Gazte-gaztea zenean murgildu zen ostalaritzaren munduan anaia Anttonekin, Donostiako Igueldo jatetxean. 14 urtez lan egin zuen bertan eta Lasarte-Oriako Patricio tabernara jauzi egitea erabaki zuen, koktelgintzan buru-belarri aritzeko. Orduan jabetu zen, urratsak egiten jarraitu nahi bazuen, "Espainiako onenekin" formatu behar zuela eta Basque Culinari Center edota Barman Academy-n ikastaroak egin zituen. Hori aski ez eta lanorduak ez zirenak baliatzen hasi zen are gehiago ikasteko eta bidaiatzeko, rona zerbitzatzen aditu direnengandik ikasteko eta jakintza trukatzeko.
Tarte horretan aintzatespen ugari lortu ditu Pavonek, ronaren alorrekoak nahiz beste edari batzuetakoak, hala nola, Gin & Tonic txapelketako sariak. Horrez gain Gazte Talentu Gastro aitortza eman zioten 2020an, Jakitea elkartearen saria ere irabazi du eta Espainia ordezkatu zuen 2023ko Koktelen Munduko Txapelketan, Kuban. 2022an eratu zuen Yon Pavon Cocktail Events enpresa eta geroztik jo eta ke ari da lanean mundu osoko bezeroei zerbitzua ematen, besteak beste, Realaren VIP palkoan.