Herritarrekin zuzenean hitz egiteak "proiektuak hobetu" egiten dituela nabarmendu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 16a, 07:48

Zabaleta-Berri eta Zatarain auzoetako gune publikoak estaltzeko bi bilera egin ditu berriki udalak, batean zein bestean bizi diren auzotarrekin. Parte hartu dutenen "inplikazioa" eskertu dute Agustin Valdivia alkateak eta Herritarren Partaidetza saileko zinegotzi Nagore Duranek. Ekarpen gehiago egin nahi dituztenek hilaren 28ra arteko epea izango dute, 14:00ak arte, udalaren webguneko formulario bat bete eta arduradunei bidalita.

Agintaldi planetan jasotako ildo estrategikoen arabera, udal gobernuak "erdigunean" jartzen du herritarren parte hartzea, "erabakiak hartzeko orduan beraien inplikazioa funtsezkoa dela ulertuta", Valdiviak eta Duranek azpimarratu dutenez. "Demokratikoagoa, gertukoagoa eta bizilagunen benetako beharretara egokituagoa dagoen udalerri bat eraikitzeko konpromisoa dugu, esateko dutena entzunda eta horri arreta jarrita". 

Udal gobernuak esku artean dituen egitasmoetako bi dira Zabaleta-Berri eta Zatarain auzoetako gune publiko batzuk estaltzea. Tapakien ezaugarrik definitze aldera bilera bana egin zuten batean zein bestean bizi direnekin, hilaren 3an eta 9an. "Prozesu hauetan ohikoa den bezala, hasierako hainbat proposamen egin genituen eztabaida irekitzeko; auzokideen ekarpenak eta hausnarketak izan dira ideia horiek aberastu eta moldatu dituztenak", zehaztu du alkateak. "Horren ondorioz, galdera berriak sartu ditugu parte hartzeko formularioan, saio horietan jasotako kezkak eta iradokizunak kontuan izanda". Aipatu formulario hori udalaren webgunean topatuko dute herritarrek eta hilaren 28ra arte izango dute bete eta bidaltzeko aukera.

Udal gobernuko bi ordezkari horiek gogorarazi dute parte hartzea ez dela bukatu jardunaldi horiekin, "etengabea" baita bidea. "Herritarrekin elkarrizketak izateko aukera berriak irekitzeko lan egingo dugu udalerriko eremu eta auzoetan, eredu parte hartzailea indartuta kudeaketa publikorako funtsezko tresna gisa".