Herritarren Partaidetza eta Jaiak departamentuetako zinegotzi Nagore Duranek eta Txus Alonsok eman dituzte abiatzear duten hautatze prozesuari buruzko xehetasunak. Urtero bezala, herritarrei emango diete aukera gustukoen duten kartela aukeratzeko: "Haien iritzia ezinbestekoa da gure herriko jaiak ilustratuko dituen lana aukeratzeko", adierazi du Duranek. Horretarako aukera, esan bezala, hurrengo asteko asteazkenetik aurrera izango dute, maiatzaren 7ra arte, Lasarte-Oriako Udalaren webgunean.
Iritzia eman nahi duten bizilagunek 28 lanen artean euren ustez onena zein den adierazi beharko dute. Behin horretarako epea itxita, epaimahai profesional bat osatuko du udalak, aurtengo sanpedroen egitaraua irudiztatuko duen afixa aukeratuko duena. "Herritarren eta profesionalen balorazioak uztartuta, festen irudi ofizialak eskatzen duen kalitate estandarra beteko duen emaitza ziurtatuko dugu", azpimarratu du Alonsok.
Azalpenak eman ostean aurtengo lehiaketako finalisten lanak erakutsi dituzte bi zinegotziek, eta, ohi bezala, Sorgin Dantzako dantzariak, erraldoi eta buruhandiak edota kuadrillen blusa koloretsuak izan dira aurkeztutako proposamenen ardatz nagusiak.