Ospe handia duen Udaberri Opena ospatu zen Banyoles (Katalunia) herriko lakuan hilaren 11tik 13ra. Espaniar Estatu osoko arraun elkarteek parte hartu zuten bertan eta Ur Kirolaken ordezkaritzan Eneko Mendizabal Urdapilleta herritarrak parte hartu zuen.
Arraun egokitu mailan lehiatu zen Mendizabal eta 2.000 metroko ibilbidea egin behar izan zuten. Larunbatean aurretiko saio bat egin zuten indarrak neurtzeko eta igandean, aldiz, finala. Hirugarren sailkatu zen 11.23,42 marka eginez.
Orion ere izan zen aulki mugikorreko lehiarik, Orioko Nazioarteko XX. Estropadak txapelketa. Bertan Nahia Goenaga Sarobe herritarra izan zen lehian 8+ ontzian; lehen aldia zuen taldeak proba horretan. Bi txandatan esprint ederra egin zuten donostiarrek gerora garaile izango zen Santiagotarrak eta Astilleroren aurka, baina ezin izan ziren finalerako sailkatu.
Eta Mendizabal eta Goenagaz gain, bada beste herritarrik aulki mugikorrean lehian ari dena, Enara Arruti Manterola. Arraunlari gaztea Ur Kirolak taldean ari da lehian Gipuzkoako ligan, baita Donostiarra traineruan ere.
Martxoaren 30ean San Pedroko test proban estreinakoz egin zuen arraun Torrekuan eta zazpigarren postuan sailkatu ziren. Bestalde, otsailaren 22an, Legution (Araba) jokatu zen Gipuzkoako Aulki Mugikorreko ligako bigarren jardunaldian scull modalitatean garaipena erdietsi zuen.