Hilaren 11n, Loidibarren pilotalekura gerturatu ziren pilota zaletuek, errendimendu mailako hiru partidaz gozatzeko aukera izan zuten. Ikus galeria.
Binakako Udaberriko txapelketako infantil eta alebin II. mailako bikoek Mundarroren aurka neurtu zituzten indarrak; Itxaso Iparragirre, aldiz, bakarka aritu zen Bergarako Egizabalen aurka.
Infantil mailako Intza 2 (Huici-Maiz) bikoteak garaipenarekin eman zion hasiera jardunaldiari; 18-11 gailendu ziren.
Ederki borrokatu arren, Gil-Olazabal alebin mailako bikoteak ezin izan zuen Astigarragako ordezkarien aurka, 14-16.
Bakarkako infantil nesken lehian ere, borroka ederra izan zen. Bana (8-4 eta 7-8) berdindu ostean, azken jokoan Bergarako jokalariak eraman zuen saria (1-4).
Etxetik kanpo ere jokatu zituzten lehiak hilaren 11n eta 12an.
Lehen egunean, federatu mailako lau eta erdiko txapelketan, neurketa bakarra izan zuten Intzako kideek. Jon Pello Artetxek ezin izan zuen Abantzuko pilotaria gainditu, 22-10.
Errendimendu mailako infantil II. mailako Intza 1 bikoak ere Mundarro izan zuen aurkari Astigarragan. Lasa-Lopez bikoteak 14-18 gainditu zuen Mundarro 2.
Bigarren egunean, bakarkako berezko txapelketako lehiak izan ziren eta Intzako kideek emaitza ederrak izan zituzten.
Infantil mailan Oier Jauregik 14-18 garaitu zuen Zazpi iturriko ordezkaria Villabonan. Irai Jauregi ere garaile izan zen alebin mailako lehiaketan Azpeitian; 9-16 irabazi zion Gaztelupeko pilotariari.
Herriarteko lehia hastear
Bestalde, hilaren 9an, Herriarteko txapelketako aurkezpena egin zen Donostian. Modalitate ezberdinetako lehiaketen berri eman zuten eta gomazko palako lehian, aurten lehenengoz Lasarte-Oriak lehian parte hartuko du. Bere lehen aurkaria Zarautz izango da; joaneko norgehiagoka maiatzaren 4an jokatuko dute Zarautzen eta itzulikoa Lasarte-Orian, maiatzaren 11n.
Julen San Miguel, Xabi Arteaga, Jagoba Mendizabal eta Iker Artetxek osatuko dute Lasarte-Oriako taldea; Julen Urruzola eta Jon Pello Artetxe ordezkoak izango dira.
Eskuzko mailan ez bezala, gomazko palako txapelketan maila bakarra dago; joan eta etorriko kanporaketak dira eta jardunaldi bakoitzean hiru neurketa ezberdin gainditu behar dituzte: bikotekako partida, bakarka kantxa osoa eta bakarka zazpigarren koadrora arte.
Taldeko kideak gogotsu daude kantxara ateratzeko eta Zarautzen zein Lasarte-Orian lehiaketan aurrera egiteko puntuak eskuratzea espero dute.