Gaztetxoen danborradan izena emateko egunak hilaren 28a eta 29a izango dira

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 16a, 07:40

ATLO elkarteak antolatzen duen gaztetxoen danborradan parte hartu nahi dutenek inskribatu egin beharko dute eragile horrek kultur etxean duen lokalean, hilaren 28an edo 29an, 17:00etatik 18:30era. 2008 eta 2018 bitartean jaio direnek danbor edo kupel jotzaile edota kantinera izan ahalko dute; 2019an eta 2020an jaio direnek, berriz, kantinera edo gastadore.

Danborradarako materiala mantendu eta berria erosteko nahikoa diru izate aldera, ATLOkoek errifa bat antolatu ohi dute. Horregatik, izena emateko unean 8 euro ordaindu beharko ditu inskribatzen den haur bakoitzak, eta, trukean, bizikleta bat irabazteko zozketan sartuko da, zortzi txartel zenbakidun eskuratuta.

ATLOko kideek aurreratu dute gaztetxoen aurtengo danborrada ekainaren 28an izango dela. San Pedro Jaiak ohi baino goizago ospatuko ditugu aurten, ekainaren 26tik 30era arte (bi egunak barne).