Igande arratsalde gazi-gozoa. Viña del Mar taberna agurtzeko, festa egin dute; ohiko bezeroen, adiskideen eta senideen artean. Besarkada ugari izan dira eta malko asko, isuri 1969. urtean Mari Carmen, Begoña, Chicho eta Goyo anai-arrebek hasitako ibilbidea omendu dutelarik.
Ospakizuna sopresa batekin hasi da. Mari Carmenek ez zekien festarik izango zenik, eta bere jantziek horixe bera erakutsi dute laneko arropekin etorri delako. Lokalean sukaldetik sartuta, ezustean, jende mordoarekin egin du topo. Emozionatuta, berehala taldearengana hurbildu eta pertsona bakoitzari muxu bana eman dizkio.
Segidan, kalera irten da senideekin batera, bertan bestelako erregaluak baitzeuden: txistulariak eta dantzariak. Lagunek agurra dantzatu diete, familiakoek Txileren eta Euskal Herriaren ikurrinekin apaindutako txapela eman diote Chichori. Begoñari Ormazabal dendako Ramonek lore sorta oparitu dio. Taldeko argazkiak ere egin dituzte, eta gerora bi ahizpak musikaren doinuekin kalejiran aritu dira. Aipatzekoa ere bada tarteka, zerbitzariak Viña del Martarrengana gerturatu direla euren falta nabarituko dutela aitortzearren.
Aterik zela, merienda taberna barruan egin beharrean, lokal aurrean egin dute. Pare bat mahai eta jaki zein edari goxoak. Tentuz jan dituzte jakiak ondoren, postrea ere bazegoen-eta: lagun batek tabernaren logoarekin egindako marrubizko bizkotxoa.
Asteartean, hilak 15, jetsiko da betirako Lasarte-Oriako establezimendu klasiko honen pertsiana. Hamaika bizipenen lekukoa izan da; herriko familiek otordu asko egin dituzte bertan, lagun kuadrila ugarik patatas bravas ugari jan dituzte, eta bikote askok bertako terrazetan hasi dute euren harremana. Ez da erraza izango hemendik aurrera Viña del Mar tabernarik gabe bizitzea.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!