Eguraldia euritsua eta goibela izan arren, txirrindulari mordoa bildu da, igande goizean, Okendo Plazan. Bakarka, bikoteka edota senideekin batera, probarekin hasi aurreko istantak askotariko eran pasa dituzte. Parte hartzaileen jatorria ere ugaria izan da. Izan ere, lasarteoriatarrak ez ezik; usurbildarrak, bilbotarrak eta kolonbiarrak ere izan dira, besteak beste. Era berean, txirringak ugariak izan dira; elektrikoak zein pedalezkoak.
Gogotsu, bederatziak jota, Lasarte-Oria eta Andatza zeharreko bideei ekin diote. Trabesia egiteko hiru aukera izan dira: motza, ertaina eta luzea. Norberak erabaki du bata ala bestea egin. Ibilaldia egin bitartean, Patxi Larrañagako langileak txistorrazko mokaduak prestatzen aritu dira, probarekin amaitzean, parte hartzaileek indarrak berreskuratu zitzaten. Orobat, musikaz gozatzeko aukera ere izan da DJ lanetan aritu direnei esker.
Bi orduren bueltan ailegatu da Askatasunaren parketik barrena proba osatu duen lehen txirrindularia. Segidan etorri dira gainontzeko guztiak; batzuk barrezka beste batzuk leher eginda. Hori bai, denak lokatzez beteta igaro dute helmuga. Trabesiarekin bukatuta, parte hartzaile guztiak garagardo eta zopa bote bana eman diete boluntario aritu diren kideek. Senideek eta adiskideek txaloka egin diete harrera, eta aurkezle lanetan aritu den Asier Odriozolak txirrindulari batzuk laburki elkarrizketatu ditu. Lehiarik ezean, giroa ederra izan da. Hitzorduarekin amaitzeko, antolatzaileek ipinitako photocallarekin argazkiak egin dituzte, eta Larrañagatarrek prestatutako jakiak dastatu dituzte.
Rural Kutxa BTT Lasarte-Oria 2025 probaren antolatzaileak pozarren izan dira Okendo plazan ekimenan izandako harrerarengatik. Pozak poz, Rural Kutxako ordezkari Cesar Cornagok adierazi duenaren arabera, hurrengo urtekoa prestatzen hasteko irriketan dira, dagoeneko.