Norgehiagoka gazi-gozoa izan zen atzokoa Jon Martin lasarteoriatarrarentzat. Gazia, Realak 0-2 galdu zuelako Mallorcaren aurka eta Europara sartzeko borrokan atzera pauso bat eman duelako, eta gozoa, lehenengo aldiz aritu zelako hasieratik ligan, partida bikaina jokatuta gainera. 90 minutuetan zehar oso kontzentratuta aritu zen herritarra eta baloi bakar bat ere ez zuen galdu buruz. Are gehiago, bigarren zatian gol aukera garbi bat izan zuen Sergio Gomezek ateratako korner bat buruz errematuta, baina Greif atezainak geldiketa bikaina egin zuen.
Oraindik bigarren taldeko zenbakia badu ere (31, zehazki), lehen taldearekin entrenatzen eta jokatzen ari da denboraldi hasieratik. Zubeldia eta Aguerd min hartuta daudenez eta Pacheco erritmo faltan, aukera bikaina du Martinek hasierako hamaikakoan maizago sartu eta Imanol Alguacil entrenatzaileari erakusteko prest dagoela onenekin jokatzeko. Atzokoa bezalako neurketak jokatzen baditu, halaxe izango da.