"Ezin dute inor behartu herriko osasun zentrora lanera etortzera"

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 11a, 10:00

Ohi baino herritar gehiago bertaratu dira pleno aretora, batez ere, udalerriko osasun zentroaren egoerari buruzko azken berriak entzutera, izan ere, Agustin Valdivia alkateak kontu eman du Osakidetzako zuzendari nagusi Susana Lopezekin martxo amaieran izandako bileraz. Gai horrez gain gehiago jorratu dituzte udal korporazioko kideek hilabete honetako ohiko udalbatzarrean, hala nola, Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiak aurkeztutako bi mozioak, hondakinen kudeaketarekin zerikusia dutenak biak ere. Ez dituzte onartu.

Besteak beste, "jasanezina" eta "lotsagarria" hitzak erabili zituen alkateak, martxo amaieran Osakidetzako zuzendari nagusi Susana Lopezekin eta bere lantaldekoekin bildu zenean. Egun batzuk lehenago, 19an zehazki, herriko osasun zentroan mediku bakar batek egin zuen lan. Ia hilabete geroago egoera ez da askoz hobea, medikuak (bakarka edo taldetan) udalerrira lanera etortzeko konbentzitzen saiatzen ari diren arren, ez dutelako nahi. "Esan zidaten estaldura zaileko postuak direla, batez ere, arratsaldekoak direlako. Lanaldia erakargarriagoa egite aldera bi orduz aurreratzea erabaki zuten, 10:00etatik 17:00etara, baina halere zaila izaten ari da". Lehen arretako 50 postu bete behar dituzte sistema publikoan, eta, horietatik bost, Lasarte-Orian. "Maiatz-ekainean aterako dute lan eskaintza publiko bat, eta, horren bidez tokiak ez badituzte betetzen, erreskateko oposaketa bat argitaratuko dute uztailean". 

"Zuzendari nagusiak eta bere lantaldekoek behin eta berriro azpimarratu zidaten ezin dutela inor behartu gure osasun zentrora lan egitera etortzea; ez badute nahi, ezin da", adierazi zuen Valdiviak. Hori horrela izanda ere, alkateak esan zien egoerak ezin duela berdin jarraitu, eta, beharrezkoa bada, toki guztiak beteta dituzten herrietako zenbait profesional lekualdatu beharko lituzketela, ez delako posible herri batzuek horrenbeste postu hutsik izatea eta beste batzuek bakar bat ere ez. "Zuek ulertzea nahi dudana da ezin dezakedala magia egin, herritarren ezinegona helarazi ahal diet baina zuzenean esku hartu ez, osasungintza ez delako udalen eskumena". Halaber, berretsi zuen "egunero" jarraituko dutela lanean "lasarteoriatarren alde":

Hondakinak eta erraustegia

Kontu emateen eta galdera eta erreguen aurretik, ELOP alderdiak aurkeztutako bi mozio jorratu zituzten. Aurrenekoan, Miguel Angel Tolosa bozeramaile duen udal taldeak eskatu zuen herriko hondakinen bilketa eta zaborren tasa bi urtean % 100 igo izana "sakon" aztertzeko, horretarako udal batzorde bat eratuta. Ez zuten onartu, udal gobernua osatzen duten PSE-EEk eta EAJk aurka bozkatu zutelako. Jeltzaleek eta sozialistek argudiatu zuten ez zutela proposamena ulertzen, zegokion batzordean adostu zituztelako zergak moldatzea aztertzeko lan mahaiei buruzko ezaugarriak. EH Bilduk, berriz, aldeko botoa eman zuen, gai horri irtenbidea ematea "lehentasunezkoa" dela uste duelako.

Horren ondoren Zubietako erraustegia izan zuten hizpide. ToxicoWatch fundazioko ikerlariek azpiegitura horren inguruko udalerri batzuetan "kutsadura zantzu kezkagarriak" aurkitu berri dituela-eta (Andoainen eta Hernanin), ELOPek proposatu zuen kutsaduraren jatorria ikertzea, eremu kaltetua zein den zehaztea eta desinfekzio plan eraginkor bat garatzea, neurri horietan guztietan diru publikoa inbertituta. Mozio hori ere ez zuen onartu udalbatzarrak, aurrenekoan bezala, aurka egin zutelako udal gobernuko bi alderdiek. BioGipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuaren lana goraipatu zuten batzuek eta besteek, errauskailuaren isuriei buruz egindako ikerketa horri ToxicoWatchenari baino balio gehiago emanda. EH Bilduk, berriz, babestu egin zuen proposamena, herritarren osasun publikoarentzat, ekosistemarentzat eta elikadura segurtasunarentzat "arrisku handia" eragiten duela argudiatuta.