Gutxienekoa bermatzearen alde

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 11a, 10:09

Herri Ekimen Legegile baten bidez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eskatu du hileroko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea. Gai hori Eusko Legebiltzarrera eramate aldera, sinadurak bildu dituzte; Lasarte-Orian ere hala egin dute. Horren gaineko balorazioa egin du herriko taldeak

Erretiroa hartua duten herritarrak dira Lasarte-Orian pentsioen aldeko borrokan ari den taldeko kide gehienek, baina ez guztiak; pentsionistak ez direnak ere badira tartean. Eurengatik baino, "pentsio prekarioak jasotzen dituzten ingurukoen eta etorkizunean pentsionista izango direnen alde" egiteko batu dira; bat etorri dira horretan denak ala denak. Elkartasuna da urratzen ari diren bidearen oinarri, eta, noski, "sistema unibertsal eta justu batean" sinesten dutelako ari dira zeregin horretan. 

Gogorarazi dute horren guztiaren abiapuntua zein izan zen: Borobilean Elkarteak iazko abenduan antolatutako mahai ingurua. Pentsioen orainaz eta geroaz gogoeta egiten itxi zuen 2024. urtea aipatu eragileak, eta gaiaren gainean lanean ari diren zenbait eragiletako ordezkariak gonbidatu zituzten orduko hitzordura. Lehen saio haren ostean, bigarren bat ere deitu zuen, eta horretako erronka hartu eta hitzetatik ekintzetara igarotzeko pausoa eman zuen gero; HELa babesteko sinadura bilketa abiatu zuten Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduaren deialdiarekin bat eginik. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan 100.000 atxikimendu biltzea zen erronka, eta Lasarte-Orian, berriz, horietatik 800 lortzea. Xedea ederki baino ederkiago bete dute: "Bi hilabete hauetan 1.413 sinadura bildu ditugu herrian, eta, gaur-gaurkoz, EAEn 110.000 lortu dira". Hori hala izanik, lortutakoarekin pozik topatu ditu TXINTXARRI-k taldeko kideak. 

Bi hilabete eta erdiz aritu dira herriko hango eta hemengo zenbait lekutan sinadurak biltzeko mahaiak jartzen, eta egindakoarekin asebeteta daudela antzematen da: "Bagenekien zein helburu genuen, nora gindoazen eta hala egin dugu bidea. Denbora gutxian zenbaterainoko ganorarekin talde txiki hau nola antolatu den ikustea pozgarria da; oso ondo hartu diogu tamaina. Horrek ekarri du bere emaitza". 

Hiru aldiz jarri dute sinadurak biltzeko mahaia kalean, eta beste bi aldiz azokan; Biyak Bat zahar egoitzan ere egin zuten saio informatibo bat. Horietan guztietan jasotako atxikimendua ia erabatekoa izan dela ere jakinarazi du taldeak: "Hamarretik bederatzik bat egin du ekimenarekin. Jendeak bazekien zertan ari ginen, eta jarri nahi izan du bere aletxoa. Topatu dugu, noski, sinadura ematearen aurka agertu denik, baina bakarren bat baino ez". Horren gainean, honako hausnarketa egin du taldeak: "Kotizatu duenak jasoko du berea. Hau ez doa horien aurka; hau gutxienekoa bermatzearen alde da".  

Bakarren batek, ezer aurpegiratzeko nahirik gabe, aitortu du, jende gaztearen aktibazio eta presentzia faltan botatzen duela. Taldekiren batek esan du, orduan, gazteek "urrutiko gai" ikus dezaketela pentsioena, nahiz eta etorkizunean horrek bete-betean eragingo dien. Beste batzuek azpimarratu dute ere, gazteek une honetan beste kezka batzuk dituztela, hala nola, etxebizitza eta emantzipazioarena: "Bakoitzari unean uneko gai batek edo batek baino gehiagok kezkatzen gaitu, eta horren alde borrokatzen dugu". Ohartarazpen bat ere gehitu diote gogoeta horri: "Egungo soldata prekarioak, etorkizuneko pentsio prekarioak izango dira". 

Halaber, tarte hori baliatu nahi izan du taldeak herrian zenbait gai sozialen alde egiteko sortu diren askotariko eragile eta mugimenduak egiten ari diren lana balioan jartzeko. 

Maiatzaren 15ean, Gasteizera

Sinadura bilketaren bitartez, pentsioak osatzeko sistema bat sortzera bultzatu nahi dute Eusko Legebiltzarra. Hori eratzen duten alderdiei dagokie orain gaiarekiko posizionatzea. Hala uste dute Lasarte-Oriako taldeko kideek: "Pilota alderdi politikoen teilatuan dago; horiei interpelazio zuzena egin zaie, eta horiei dagokie posizionatzea. Ikusi beharko da zer datorren, baina emaitza ona behar luke". Gauzak horrela, datorren maiatzaren 15ean, Gasteizko Legebiltzarrera joango dira Euskal Herriko pentsionisten mugimenduko kideak, horien artean, herrikoak ere bai. Aipatu dute, gainera, Lasarte-Oriatik ahalik eta herritar gehien joateko ahalegina egingo dutela.