Lehen txapelketan Ostadar SKTko Eider Redondo 16 urtez azpiko lehian izan zen borrokan. Pistako denboraldia amaitu eta bi aste izan ditu gazteak hitzordua prestatzeko. Tarte txikia izan arren, lan ederra egin zuen probaz proba puntuak lortu eta urrezko domina janzteko.
Atleta gazteak hexatloiean parte hartu zuen eta sei proba gainditu behar izan zituen: 100 m. hesi lasterketa, altuera, pisu jaurtiketa, luzera jauzia, xabalina jaurtiketa eta 600 m. lasterketa. Azken horretan izan ezik (bigarren izan zen), beste guztietan lehen postua eskuratu zuen herritarrak.
Horrez gain, hiru marka pertsonal ondu zituen: pisu jaurtiketa, 9,91 m.; 100 m. hesi proba, 15,28 eta puntuazio orokorra, 3626.
Eskolarteko txapelketa
Gipuzkoako eskolarteko mailako lehiari dagokionez, bigarren jardunaldia zuten gaztetxoek. Martxoaren 30ean izan zen lehena Irunen eta hilaren 6an, Eibarren izan dira lehian. Bi jardunaldietan, Ostadar SKTko alebin eta infantil mailako talde handi bat eta Ekintza ikastolako Alaia Romero herritarra ederki jardun eta dominak jantzi dituzte. Hauek izan dira podiumean izan diren gazteak:
Infantila
|
Alebina
|
Hilaren 13an, bakarkako azken saioa izango dute Donostian.
Maiatzean ekingo diote eskolarteko taldeetako lehiari eta proba konbinatuetako txapelketa ere izango da. Azken hau, Atsobakar kirol gunean lehiatuko da.
Bestelako lasterketak
Atletismoko pista alde batera utzita, herriko ordezkariak bestelako probetan izan dira lehian azken asteetan. Errepideko proba ugaritan izan dira Lasarte-Oriako korrikalariak; horietako batzuk Udaberri lasterketa, Azkoitia Azpeitia edo Donostiako Maratoi erdia izan dira. Azken horretan, Mari Carmen Olaso herritarrak 01.41.49 marka egin eta F-55 beterano mailan bigarren postua eskuratu zuen.
Eta, esate baterako, Donostia-Hondarribia Talaia bidea, UZ trail edo Enkarterri Xtrem mendiko probetan ere parte hartu dute herritarrek.