Azken egunetan albiste izan den gaietako bat herrira ekarriko du ELOPek. ToxicoWatch fundazioak eta Zero Waste Europe erakundeak "dioxina eta metal astunen kontzentrazio oso altuak" jaso dituzte azken txostenetan, Zubietako erraustegitik kilometro gutxitara dauden Andoain eta Hernani udalerrietan. Hori horrela izanik, Tolosak adierazi du "ikerketa zorrotz bat" egitea beharrezkoa dela Lasarte-Orian ere: "Ingurumenaren inpaktua etxebizitzen, eskolen eta parkeen ondoan gertatzen ari da. Herritarrek jakin behar dute zer ari den gertatzen eta udalak zein neurri hartuko dituen".
ELOPek proposatu du kutsaduraren jatorria ikertzea, eremu kaltetua zein den zehaztea eta desinfekzio plan eraginkor bat garatzea, neurri horietan guztietan diru publikoa inbertituta.
Udal batzorde bat
Bestalde, alderdi horretako kideei "premiazkoa" iruditzen zaie hondakinen bilketa eta zaborraren tasaren igoera –azken bi urteetan % 100 igo da– "sakon" aztertzeko udal batzorde bat eratzea aldi jakin baterako, talde politiko horren bozeramaile Miguel Angel Tolosak adierazi duenez. "Beharrezkoa da berrikustea zerbitzuaren eraginkortasuna, edukiontzien benetako egoera eta finantzaketa sistemaren proportzionaltasuna, zorrotz eta gardentasunez". Ariketa hori egiteko Espainiako eta Europako araudia bete behar dela garbi izanda, azpimarratu du ezin dela ahaztu lasarteoriatarren "errealitate soziala eta ekonomikoa".
Udal gobernuaren helburua partekatuta ere, hau da, "ingurumen legeetara egokituta dagoen eta jasangarriagoa den eredurantz egitea", ELOPeko ordezkariak uste du zaborraren gaineko tasa ezin dela horrenbeste igo, ez badira aurretik "azalpen argiak" ematen eta "azterketa sakon bat" gauzatzen. "Gainera, auzo askotan kexak eragiten dituen zerbitzua hobetu gabe jarraitzen dute".
Batzorde hori korporazioan dauden udal talde guztietako zinegotziek eta Ingurumen departamentuko teknikariek osatuko lukete. "Halaber, adituek eta herritarrek parte hartzeko aukera izango lukete", zehaztu du Tolosak, uste duelako "irtenbide onenak bizilagunak ere entzunda" sortzen direla.