Mendiaz, kirolaz eta bizikletaz gozatzeko proba

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 9a, 13:15

Probako antolatzaile eta babesleak Rural Kutxa BTT Lasarte-Oria 2025 aurkezpenean izan dira.

Lasarte-Oria eta Andatza mendiko bideak BTT txirrindulariz beteko da hilaren 13an. Rural Kutxa BTT Lasarte-Oria 2025 proba antolatu dute MX Racing eta Lasarte-Oriako Saiatuz txirrindulari taldeak, Lasarte-Oriako udalaren laguntzaz. Antolatzaileek kirol ekimenaren berri eman dute gaur goizean eta gozatzeko proba dela azpimarratu dute

Mendi bizikletarekin edo txirringa elektrikoarekin parte hartzaileak Antonio Mercero plazatik aterako dira goizeko 9:00etan eta Saiatuz taldeko kideek diseinatutako hiru ibilbideetan barrena txirringaz eta gure inguruez gozatuko dute.

Bidean ano guneak eta Antonio Mercero plazara iristean ere indarrak berreskuratzeko pintxo, fruta eta edaria izango dituzte.

Hona hemen parte hartzaileentzat informazio baliagarria:

Ibilbideak eta desnibela
  • MOTZA: 28 km / 750 m 
  • ERTAINA: 35 km / 1.000 m 
  • LUZEA: 45 km / 1.200 m

 

 

BTT irteera eta itxierak
  • Irteera ordua: 09:00etan
  • Ibilbide ertaineko sarbidea ixtea: 11:30ean
  • Ibilbide luzeko sarbidea ixtea: 11:45ean
  • Helmuga-itxiera: 13:00etan
Dortsalak eta maillota jasotzea
  • Hilaren 12an, 10:30etik 13:30era, Urbil-eko Eroskin 
  • Hilaren 13an, 08:00etatik 08:45era, Antonio Mercero gunea

Lehiaketarik ez

Gogo eta mimo handiz prestatu du Saiatuz txirrindularitza taldeak hitzordua eta taldekide Iñaki Blancok azpimarratu modura, "ibilbideak jendeari gustatzea espero dugu". 

Horrez gain, proba hau trabesia dela eta ez lehiaketa gogoratu du agerraldian: "Jendeak gozatzeko proba bat da; festa bat izatea da helburua".

Lasarte-Orian eta gure eskualdean kirol proba erreferenteetako bat dela azpimarratu du Goizalde Pildain kirol zinegotziak hitza hartzen.

Era berean, jarduera hau kirolaren onuren adibide garbia dela adierazi du: "Ariketa fisikoa da, naturarekin lotuta dago, nor bere mugak gainditzeko proba da eta harremanak egiteko tresna bikaina". Horregatik eskerrak eman dizkie antolatzaile, babesle eta parte hartzaileei.

Nuria Fernandez sozioekonomia arloko buruak BTT trabesiak Tratu On bat markaren babesa izango duela jakitera eman du: "Herritarrei eta inguruko herrietako pertsonei Lasarte-Oriako merkataritza eta ostalaritza ezagutzera ematen die eta hori garrantzitsua da gure herriarentzako". 

Eta Rural Kutxako ordezkari Cesar Cornagok bere erakundearentzat "herriari bizia ematen dion horrelako ekimenean gure harritxoa jartzea plazer bat dela" onartu du eta hurrengo urtean ere babesle izatea espero duela aurreratu du.

Guztiek herritarrak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartu edo erdigunera hurbildu eta kirolariak animatzera.