Zortzi talde, lau gizonezko eta lau emakumezko, izango dira harriak jasotzen eta helburua bakarra izango dute bere mailako garaile izatea. Hilean zehar astelehen gauero, 22:25ak aldera, txandaka emakumezko zein gizonezko sailkapen proba bat lehiatuko dute. Finala hilaren 27an, igandearekin, eguerdian izango da ikusgai.
Aurtengo berrikuntza emakumezko lehian emakumeak ere kapitain lanak egingo dituztela da.
Ezin finalerako sailkatu
Dagoeneko bi saioz gozatu ahal izan dute herri kiroletako zaletuek. Bigarrenean, hilaren 7an, Luis Mari Telleriaren Albizuri eta Joseba Ostolazaren Etxauri taldeek neurtu zituzten indarrak.
Lehia parekatua izan zen harri landuekin, baina harri baldarraren lehian Etxauriko Aimar Galarraga eta Paulo Azpiazu nagusi izan ziren. Ondorioz, Albizurik ez du finala jokatuko.
Beñat Telleria, aldiz, hilaren 21ean ikusi ahalko dugu 125 kiloko zilindro zaharra jasotzen. Berarekin batera Igeldo osatzen duten kideak Gorka Etxeberria, Xabier Aranburu eta Oskar Aguas dira; haien kapitain Izeta II.a da. Zelaia II.aren Laukariz taldea gainditu beharko dute finalean egoteko.