Udaberria duela aste batzuk ailegatu zen. Duela astebete, ordutegia, aldatu. Geroztik eguraldia apartekoa izan da; eguzkitsua eta epela. Urtaro berri honen iritsiera ospatzeko, ordea, ospakizun berezienetakoa atzo egin zen, larunbat goizean goizeko 10:00tatik 14:30etara. Ekimen hori Loreen eta Landareen Azoka izan da. Ohi bezala, Okendo Plazan antolatu da, aurten hamabigarren urtez, eta helburu izan du ekoizle txikien lana balioan jartzeaz gain, ezagutzera ematea.
Enparantzan, hamabi postu jarri dituzte; kurioski, haietako bat herrikoa izan da. Bertan, loreen eta landareen, eta horiekin egindako produktu ugari saldu dira. Saltoki eta ekoizkin horiek honako hauek izan dira:
- Aritzkungo Tienduka (Nafarroa): Eskuz egindako kosmetika naturala.
- Flores ganchillo (Nafarroa): Eskuz egindako bitxigintza.
- Hazi ekologikoak (Lasarte-Oria): Sukaladaritzarako eta tradiziozko erabilerarako haziak eta belarrak.
- Islaya (Oiartzun): Sukulentak.
- Lore prentsatua (Donostia): Lore prentsatuak eta lore lehorrekin egindako koadroak.
- Ortuberri (Iurreta): Baratzeko loreen eta landareen ekoizpen eta salmenta.
- Sojo natura (Lekunberri): Eskuz egindako kosmetika naturala.
- Sara Letamendia (Aizarna): Eskuz egindako kosmetika naturala.
- Tissus Artisautza (Atxondo): Banbu eta eukalipto oinarrietan kapsulatutako lore lehorrak.
- Josi Cactus (Ataun): Kaktusak lorontzietan eta eurekin egindako terrariumak.
- Urtinea Loreak (Usurbil): Barruko landareak, ornamentalak eta garaikoak.
- Zunoyar Lorategia (Oiartzun): Barruko landareak, ornamentaziozkoak eta kolekziozkoak.
Giroa koloretsua eta alaia izan da. Eguzki izpiak aprobetxaturik, jende mordoa Okendo Plazara gerturatu da, eta postuak ikuskatzen aritu direlarik, ezagunekin hitz egiteko tartea ere egin dute. Era berean, ekoizleekin biziki solastu dira, haiei zuzenean erosita, erosleek landareen inguruko zalantzak galdetu baitizkie. Bien bitartean, etxeko txikieneei zuzenduta, hainbat jarduera aurrera eraman dira: egurrezko jolasak, lore prentsatuekin egiteko eskulanak eta loreak eta landareak landatzeko ikastaroa.