Robotika hezigarriko bi tailer antolatu dituzte, larunbat goizean, Manuel Lekuona Kultur Etxeko liburutegian. Saioak helburu izan du pentsamendu logikoa, sormena eta talde lana garatzeko, jolasaz eta programazioaz baliatzea. Horretarako, Lego Spike-ak erabili dituzte, hau da, jolasa eta programazio digitala elkarlotzen dituen mahai jolasa.
Legoz beteriko kaxa eta jarraibideak ikusteko tablet bana eskura izan dutelarik, parte hartzaileak binaka jarri dira. Hiruko taldea ere izan da. Taldeka aritzeko arauak tailerraren hasieran helarazi dizkiete irakasleek; batek eraikitzea, besteak beharrezko piezak pasatzea eta sei pausu bakoitzeko, rolak aldatzea. Tentuz eta oso gustura aritu dira umeak euren kreazioak egin ahala robotika edota burmuinaren antzeko eraikinak sortzen.
Ekitaldiak nahieran
Hurrengo hilabeteei begira, udal liburutegiak askotariko ekitaldiak eskainiko ditu. Izan ere, orotariko interesetara egokitutako ekainera bitarteko programazioa aurkeztu berri dute Lasarte-Oriako Udaleko Kultura Zinegotzi Ainara Elicecheak eta Udal Liburutegiko arduradun Irene Urruzolak.
Hasteko, bi solasaldi literario eramango dira aurrera. Lehena maiatzaren 5ean, astelehenarekin, Amélie Nothomb belgikarraren Estupor y temblores obraren ingurukoa izango da. Azkena ekainaren 2an emango da, hori ere astelehenarekin. Bertan, Stefan Zweigen Novela de ajedrez lana izango dute hizpide. Saio horiek Monica Leiva irakurketa partekatuan adituak dinamizatuko ditu.
Bestalde, etxeko txikienei begira, ipuin kontalariez gozatzeko aukera ere izango da. Hori ez ezik, Baby Klub saio berezietan, gurasoekin batera parte hartuko dute txikiek. Gainera; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jardungo dira haurrak liburuen mundura hurbiltzea du helburu, estimulu sentsorialen eta lotura afektiboaren bitartez. Hurrengo saioak, apirilaren 12an, maiatzaren 10ean eta 31n, eta ekainaren 7an eta 21ean izango dira, 11:00etan.
Gainerakoan, liburutegira edozein egunetan gerturatutako orok Bookface erakusketaz goza dezake. Proiektu honek sare sozialak, argazkigintza eta liburuak uztartzen ditu. Erakutsitako argazkiak Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiko taldeak hautatu ditu.