Azkenekoz bildu dira sinadurak lortzeko

Txintxarri Aldizkaria 2025ko api. 5a, 19:00

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak pentsiodunek hilero kobratzen dituzten ordainsariak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (1.184 euro) parekatzea eskatzen dihardu. Horretarako, Herri Ekimen Legegilea (HEL) ondu dute auzia plazaratzeaz gain, herritarren babesari esker agenda politikoan ere sartu dadin. Herriz herri antolaturiko eragileek sinadurak biltzeko hainbat saio antolatu dituzte; ostiral honetan egin dute Lasarte-Orian azkena.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduari lekukoa hartuta, aldarriarekin bat egindako lasarteoriatarrei esker, Herri Ekimen Legegilearen aldeko 1.200 atxikimendu inguru lortu dira, azken hilabeteotan. Sinadura horiek biltzeko, saio ugari antolatu dituzte, eta hori ez ezik, herria auzi honen inguruan kontzientziatu dute; asteotan emandako zenbait hitzaldirekin eta panfleto bidez banatutako informazioarekin.

Sinadurak sinadura, Pentsioen Sistema Publikoaren aldeko borrokak, izan, baditu bere urteak. Izan ere, duela zazpi urte hasi ziren lehen herritarrak pentsioen inguruko auziaren inguruan antolatzen. Egun, mugimenduak "pentsioak osatzeko euskal sistema" aldarrikatzen du. Azken batean, pentsiodun mordoak hilean 850 euro edo gutxiago kobratzen du, eta pertsona horietako "hamarretik zazpi" emakumeak dira. Kotizazio gabeko pentsioak 550 eurokoak baino ez dira, eta alarguntza pentsioak ere ez dira hobeak. Ildo horretatik tiraka sortu zen HEL delako ekimena, hots, genero-arrakala hori murrizteko, eta erretreta hartu osteko urteak duintasunez bizitzeko. 

Aldarria, hiriburuetara 

Pentsioen oihartzuna EAEko txoko guztietan entzun dadin, manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, larunbat honetan. Lasarte-Oriako zenbait kidek hitzorduarekin bat eginda, 16:30etako trenean abiatu dira 17:30etarako iritsi eta Bulebarretik barrena, Donostian zehar euren aldarria babesteko. 

Osterantzean, bildutako sinadurak entregatuko dituzte Gasteizko Legebiltzarrean, maiatzaren 15ean. Bertan daudelarik, kontzentrazio bat ere egingo dute. Arabar hiriburura joateko, Lasarte-Oriatik partituko den autobusa izango da. Herriko pentsiodun taldeak antolatuko du, eta aurreratutakoaren arabera, izen ematearen ingurukoak laister jakinaraziko dituzte.