Gailu digitalen erabilerari buruzko gakoak emango dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025eko martxoaren 31

Treba Gurasoak programaren baitan beste hitzaldi batzuk egin izan dituzte lehen ere.

Treba Gurasoak egitasmoare barruan, Amaia Arroyo adituak hitzaldi bat emango du ostegun honetan, Antonio Mercero aretoan, 17:30etik aurrera: 'Internet, pantailak, bideojokoak, sare sozialak... Onurak eta gatazkak. Nola kudeatu?' izenburupean, bertaratzen direnei hezkuntza eremuko tresna eta baliabideak emango dizkie, heziketa positiboa ardatz hartuta. Izena eman nahi dutenek kultura@lasarte-oria.eus helbide elektronikora idatzi behar dute. Parte hartzea doakoa dela zehaztu dute antolatzaileek.

Saioaren helburua da teknologia horiek familiaren barruan dituzten onurak eta arriskuak aztertzea. Nola eragiten dute gure seme-alaben garapen emozionalean eta sozialean? Zer muga ezarri behar dira? Nola sustatu erabilera arduratsua, gatazkarik sortu gabe eta bizikidetza zainduz? bezalako galderak mahaigaineratuko ditu Arroyok.