Herritar horiek lanean hasi zirenetik 1.200 atxikimendu jaso dituzte udalerrian eta azken bilketa ekitaldi bat egingo dutela iragarri dute. Apirilaren 4an, 18:00etatik 21:00etara, mahai bana jarriko dute Ola kalean, Okendo plazan eta Euskotren geltoki sarreran. HEL babestu nahi dutenek 18 urte izan behar dituzte gutxienez, eta, sinatzerako unean, nortasun agiria aurkeztu.
EAEn, 100.000 sinadura pasatxo
Pozarren dago Euskal Herriko Pentsionisten Mugimendua, HEL babesteko atxikimendu bilketa izaten ari den arrakastagatik. Aste honetako datuen arabera, 100.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan: Araban, 18.000; Bizkaian, 47.300; eta Gipuzkoan, 35.646.
Pentsioen gaia lehen lerroan mantentzeko ekintzak burutzen jarraituko dute eragile horretako kideek. Apirilaren 5ean manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, sindikatu guztien babesarekin. Donostiakoa 17:30ean abiatuko da Bulebarretik.
Bestalde, maiatzaren 15ean, ordura arte bildutako sinadurak entregatuko dituzte Gasteizko Legebiltzarrean eta kontzentrazio bat ere egingo dute, 11:00etan. Lasarte-Orian autobus bat antolatuko du herriko pentsiodunen taldeak eta 08:30ean abiatuko dela aurreratu dute. Izen ematearen berri laster emango dute.