Lehenago edo geroago bizirik gauden guztioi iritsiko zaigun uneaz, heriotzaz hitz egiteko gonbidapena egin dute zainketa aringarrietako osasun langile Eli Elizegi eta Iñigo Suberbiola lasarteoriatarrek. Arrieskalleta elkartean ariko dira, apirilaren 1ean, 18:00etatik aurrera. Euskaraz egingo dute solasaldia eta doakoa izango da sarrera, egoitza (Kale Nagusia, 10) bete arte. Bazkideek lehentasuna izango dute.
'Hitz egin dezagun... heriotzaz bizitzatik' izenburua jarri diozue hitzaldiari. Ariketa, gonbidapen kutsua du. Nondik dator ideia?
Eli Elizegi: Gure egunerokotasunean, dugun lanagatik, pila bat zalantza helarazten dizkigute eta horiek argitzen saiatzen gara. Aurretiazko borondatea, zainketa aringarriak, eutanasia... mugitzen ari diren gaiak dira eta sarritan nahastu egiten dituzte kontzeptu horiek. Izenburu hori jarri diogu solasaldiari, ba, bizirik gaudelako eta horri buruz hitz egin behar dugulako. Beldurra, antsietatea edota iluntasuna eragiten ditu jende askorengan eta uste dugu komeni dela normaltasunez bizitzea. Azken finean, gutako bakoitza eta inguruan ditugun guztiok hilko gara egunen batean.
Iñigo Suberbiola: Jende askok ez du horri buruz sekula pentsatu, edo ez du pentsatu nahi izan... Egunerokoan lan horietan gabiltzanontzat errepikakorrak dira kontu asko, baina herritarrentzat ez dira horrela.
Zeintzuk dira egunero zuekin partekatzen dituzten zalantzak?
Iñigo Suberbiola: Ba, adibidez, paziente bati morfina ematera joan eta berak 'nik ez dut hil nahi' erantzutea, edo lokartzea nahastea eutanasia aplikatzearekin... Ez, ez, guk egin nahi dugun bakarra da orain arte baretu ezin izan diogun oinazea arintzea, besterik gabe. Pertsona guzti-guztiek ez dituzte horrelakoak esaten baina egia da askotan entzuten ditugula.
Erraza egiten al zaigu heriotzaz pentsatzea?
E.E.: Aurretiazko borondateari buruz ere hitz egingo dugu. Badirudi egoera terminal batean egon behar dugula heriotzari buruzko gauzak argi izan eta horri buruz hausnartzeko, eta ez, justu kontrakoa da: muga horretara iritsi aurretik gogoeta egina badugu, alde ederrean guretzat, senideontzat eta baita osasun langileontzat ere.
I.S.: Edozein gairen bueltan, heriotzaren gainean ere bai, gogoeta egitea eta bakoitzak bere iritziak izatea ona da horri buruz askeago hitz egiteko. Bizitzari berari beste dimentsio bat ematen dio. Egia da gutako inork ez dakigula unea noiz ailegatuko den, baina ordurako argi badugu zer nahi dugun eta zer ez dugun nahi, oso lagungarria da. Badirudi hiltzeari buruz hitz egiteak edo pentsatzeak azkartu egiten duela prozesua, edo kaltegarria dela osasunarentzat... eta ez, kontrakoa da, jende asko lasaitu egiten du, batez ere helduagoak direnak eta heriotza gertuago ikus dezaketenak. Ariketa hori egitea lasaigarria eta askatzailea izan daiteke harreman zuzenean jartzen gaituelako saihetsezina eta naturala den gertakari horrekin.
Gai tabu bat da? Zergatik?
E.E.: Badirudi gauza bat begien aurrean ikusten ez badugu ez dela gertatzen eta hori ez da horrela. Igaro gara hamarkada gutxitan prozesua etxean egitetik, horri buruzko ezer ikusi nahi izatera.
I.S.: Hori da kontua, ez dugula heriotzari buruzko mezurik ematen; munduko beste inon ez da gertatzen hori. Gero eta gehiagotan gertatzen zaigu 30 urte edo gehiago dituzten helduei hiltzeari lotutako gauza oinarrizkoenak esplikatzea edo beraiek orduan izatea aurreneko harreman zuzena gaiarekiko. Izatez normalak diren gauzak ikustea saihestea, ba ez da normala. Hortik eratortzen dira gero tabuak, iluntasunak, beldurrak... Heriotzarekiko edukazio, transmisio eta naturaltasun falta dago.
E.E.: Begira zer gertatzen den umeekin, adibidez. Beldurtu egiten dira heriotzari buruz ez badiezu ezer esplikatzen edota erakusten, edo, are gehiago, gaia ezkutatzen badiezu. Helduok beraiengan proiektatzen ditugu gure beldurrak eta aitzakiatzat erabiltzen ditugu lanketa saihesteko.
I.S.: Zenbat eta naturalagoa izan prozesua, orduan eta hobeto. 2, 4, 17 edo 24 urte izan, esplikatu gertatzen ari dena eta galdetu ea zer egin nahi duen. Egoera ikusgarriak bizitzen ditugu batzuetan, txapela kentzeko modukoak. Osasun langile bezala, ba agian arrotza egiten zaigu aurreneko aldian haur txiki bat hiltzera doan edo dagoeneko zendu den pertsonaren bueltan jolasten ikusteak, baina gero naturaltzat hartzen dugu. Hori bada bere modua egoerari aurre egiteko, primeran.
E.E.: Gauzak diren bezala esplikatzen badizkiegu umeei, oso ongi egokitzen dira errealitateetara. Esan bezala, blokeo bat dago heriotzarekiko.
Zergatik gertatu da blokeo hori?
E.E.: Familia ereduak, adibidez, asko aldatu dira azken urteetan. Lehen beti zegoen zaintzarako prest zegoen norbait egun osoan zehar.
I.S.: Belaunaldi ugaritako senideak etxe berean bizitzearena ere galdu da, esate baterako.
E.E.: Medikuntzan gertatu diren aurrerapen zientifiko eta teknologikoek eragina dute horretan ere. Noski, onura asko ekarri dizkigute, baina sor dezake gugan sentipen faltsu bat, berez borrokatu ezin dugun zerbaiti aurre egin eta gainditzearena. Ezin dugu heriotzaren aurka lehiatu.
I.S.: Hiltzea beste erremediorik ez dagoenetan, gertatuko denari buruz zintzotasunez ez hitz egitea egoera horretan dagoen pertsonaren kalterako izan daiteke. Tematze terapeutikoa deitzen diogu, adibidez, pazientea nola edo hala bizirik mantentzeari: probak, ebakuntzak, tratamendu aldaketak, medikamentuak... Medikuntzaren aurrerapenen ondorioz indarra hartu du pentsatzeko modu horrek, hau da, edozer senda dezakeela.
Ogibide gogorra al da zainketa aringarrietako osasun langileena?
E.E.: Lan oso eskertua da.
I.S.: Batez ere, sakona dela esango nuke. Gogorra ere bada une jakin batzuetan, pazientea gazteegi hil delako, adibidez. Edota pertsona asko sufritu ostean joan delako, senitarteko edo lagun baten pareko harremana egin duzulako berarekin... Hala ere, txapela kentzeko une asko ere bizitzen ditugu, eta, nik, momentuz, ez dut ogibidez aldatzeko asmorik. Artatzen ditugun pertsonak beraien bizitzetako une oso garrantzitsuetan ezagutzen ditugu eta bide horretan laguntzeko gai bagara... Horixe da kontua. Gu betetzen gaitu eta senideei ere laguntzen die horren parte sentitu izanak gerora egin behar izaten duten dolurako. Edonola ere, hori pertsona bakoitzaren araberakoa da.
E.E.: Guztiek uste dute oso gogorra, bortitza eta iluna izango direla hiltzeko unea eta horrainoko bidea baina ohartzen direnean ezetz, heriotza onak ere badaudela, izugarrizko esker ona adierazten dute. Hiltzear direnek kontzientzia dutenean, agur esan ahal izan dutenean, bide bat eginda, nolabait argia ikusten dute lehenago erabat beltza zirudien egoera batean. Profesional bezala horretan lagundu duzula sentitzeak asko betetzen du, satisfazioa ikaragarria da.
Zergatik erabaki zenuten lanbide horretan hastea?
E.E.: Ikasketak bukatu eta berehala erori nintzen zerbitzu horretan eta maitemindu egin ninduen. Hor hasi aurretik ikasgairen batean oso-oso zeharka landu genuen doluaren gaia, adibidez, baina ez nekien ezer. Lan egin bitartean ikasi dut jakin beharreko den-dena. Zainketa aringarrietan dihardut, baina, azken urteetan, ospitalean, 2020an tokia eskuratu nuelako han. Eskerrak etxez etxeko zerbitzuan hasi nintzen eta han formatu nintzen.
I.S.: Familia medikua naiz ni eta formatzeko garaian izan nuen harremana zainketa aringarrietako etxez etxeko zerbitzuarekin, hilabete pare batez-edo. Ez nintzen berehala maitemendu zu bezala, Eli, baina arreta deitu zidan eta buruan nebilkien, lanik gabe nengoen garai batean ez dakit zein kable gurutzatu eta deitzea erabaki nuen arte. Zuk erantzun zenidan, gainera! Herrikoak gara biak baina ez genuen elkar ezagutzen. Esan zenidan arratsaldea zela eta berriz deitzeko hurrengo goizean, nagusiekin hitz egin ahal izateko. Zerrenda batean izena eman behar nuen eta tokia bazegoela baietz, hasiko nintzela. Iritsi zen egun hori ere, eta gaur arte.
E.E.: Oso polita da zerbitzu horretako giroa, bertan lan egin izan dugunok elkarri erakusteko, laguntzeko eta zaintzeko filosofia izan dugu beti.
Etxez etxe aritzea edo ospitalean, zertan da desberdina?
E.E.: Gauza askotan. Etxean artatzen duzun pertsona batekin garatzen dugun harreman terapeutikoa sakonagoa da. Ospitalea, zentzu horretan, inbasiboagoa da: sartu-irten asko egoten dira egunero, profesional ugari joan-etorrian, proba medikuak... Horretarako gelak baditugun arren, zailagoa da, adibidez, hizketaldi luzeak izatea pazienteekin.
Horri lotuta, betiko galdera: hobea al da bat bestea baino?
Horixe bera galdetzera nindoan, bai.
E.E.: Bai, bai, askotan galdetzen digute... eta ez dago erantzunik horretarako, bat ez baita bestea baino hobea. Adibidez, gertatu izan zaigu etxean artatzen hasitako pazienteak ospitalera eraman behar izatea, euren bizitokian baldintza aproposak ez zituztelako.
I.S.: Ospitaleetako anabasa aipatu duzu lehen Eli, eta, horrelakoak ere gertatzen direlako, batzuek hori bera behar izaten dute: sentitzea gure eskuetan dagoen guztia egin dugula bere alde. Beste batzuek, aldiz, onartzen dute ez duela sendabiderik euren gaitzak eta nahiago izaten dute etxean hil; ospitalea erabat soberan dute.
Horri lotuta, esan behar dugu sekulako luxua dela aukera baten edo bestearen artean aukeratu ahal izateak. Hori bai, erabakitzerako unean komeni da oso-oso garbi izatea dena.
E.E.: Aukera baten edo bestearen alde egin, garbi dagoena da gutxieneko baliabide batzuk behar direla prozesua duintasunez gauzatu ahal izateko.
I.S.: Kirol arloko esamolde bat erabilita, pazienteek euren zelaian jokatzen dute etxean artatuak direnetan. Ospitalera joan behar badute arrotz senti daitezke, babesgabe, zaurgarri... Beraien bizitokietara goazenetan profesionalok egokitu behar izaten dugu baldintza horietara: espazioa, baliabideak, errutinak, usainak... Hasieran, zerbitzu honetan lan egin edo egiten dugun guztiok bezala, zalantzak nituen, baina pertsonak beraien espazioetan ezagutzea izugarria da. Asko betetzen nau.
Garbi geratu da gaia interesgarria eta mamitsua dela. Amaitzeko, nola animatu herritarrak hitzaldira bertaratzera?
I.S.: Heriotzari buruzko dudak argitzen saiatuko gara, elkarrekin. Denok ditugu zalantzak, osasun langileok ere bai. Guk gauza asko esplikatzen dizkiegu artatzen ditugun pertsonei baina beraiek guri ere bai eta asko ikasi ohi dugu. Beraz, etortzen den edonork, bere bizipenetatik, ekarpena egingo du, ziur.
E.E.: Gure asmoa ez da kontzeptu teknikoetan gehiegi sakontzea eta aldebakarreko solasaldi bat izatea. Heriotzari buruz lasai eta askatasunez hitz egiteko aukera polita dela uste dugu. Lehen zatian testuinguruan jarriko dugu gaia, eta, hortik aurrera, elkarrekin hitz egitea gustatuko litzaiguke.