"Entzun ditzagun gehiago gure gazteak"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025ko mar. 27a, 10:43

Lasarteoriatarren jakin-mina piztu du Borobilean Elkartearen azken solasaldiak.

Nerabe eta gazteen osasun mentalaz eta emozionalaz jardun dira hilabete honetako borobilean, lau gonbidaturekin: Jone Murua psikologoa, Hernaniko Udaleko ordezkari Aitor Lukas, Usandizaga institutuko orientatzaile Saioa Larruskain eta Oihan Agirretxe gizarte langilea. Aditu eta arituen gogoetan entzun ondotik, ohi bezala, Oriarte Landaberri institutua lepo bete duten herritarrak tertulia irekira batu dira.

Zaila da hitz gutxi batzuetan aletzea arazo horren zabal bat konpontzeko gakoak, baina Borobilean Elkartearen atzoko solasaldian parte hartu zuten adituek, gutxi-asko, bide berbera hartu zuten: beharrezkoa dela belaunaldi berrietako kideekin sarriago komunikatzea horretarako espazioak eratzea eta aurkakoak izan daitezkeen iritziak entzun eta trukatzea. "Entzun ditzagun gehiago gure gazteak".

Horretarako zerbitzu bat martxan jarri dute Lasarte-Oriarekin muga egiten duen udalerrietako batean, Hernanin. "2023-2027 legealdian Gazteria sailean hartuko dugun neurri garrantzitsuena da", azaldu du erakunde horretako ordezkari Aitor Lukasek. "Zerbitzua da, ez terapia. Helburua da buru osasunarekiko estigmak ezabatzea eta gazteak bide horretara hurbiltzea, hasierako artatze bat emanda". Bi ezaugarri nabarmendu ditu: batetik, psikologoarengana taldeka joateko aukera lehenengo aldian, eta, bestetik, adingabeen guraso edo legezko tutoreek esku hartzeetako batean parte hartzeko abagunea. Ikasturte honetan hamabi kasurekin ari dira lanean.

Zerbitzu hori erabiltzea erabakitzen duten nerabe eta gazteak Jone Murua psikologoarengana joaten dira. "Etortzen diren askok esaten dute galduta daudela, ez dakitelako norengana jo gertatzen zaien eta sentitzen duten hori kontatzeko". Jorratzen ari diren egoeretako batzuk aipatu ditu: antsietatea, zalantzak eta urduritasuna ikasketen harira; prekarietateak eta etxetik joan ezinak eragindako frustrazioa; lagunarteko gatazkak; elikadura nahasmenduak...". Zehaztu du erabiltzaile "ia gehienak", oraingoz behintzat, emakumeak direla. Norabide horretan, psikologoen lana aldarrikatu du: "Funtsean, gugana etortzen direnekin hitz egitea da gure lana; entzutea eta ulertzea".

"Ikaratuta gaude irakaskuntzan"

Esaldi kategoriko horrekin laburbildu du Usandizaga institutuko orientatzaile Saioa Larruskainek eremu horretan bizi dutena: "Egoera oso larria da". 3. eta 4. DBHko zikloko 500 ikaslerekin lan egiten du herritarrak eta kontatu du "astero" ari direla protokolo berriak irekitzen: suizidioa, eskola jazarpena, indarkeria matxista, eta abar. Bi datu "lazgarri" partekatu ditu segidan parean zituenekin: "18 urte arteko gazteen % 38 bakarrik sentitzen da, eta, % 65ak esaten du familian ez dela ulertua sentitzen". Osasun mentalean eta emozionalean eragiten duten faktore asko daudela uste du Larruskainek: horietako bat da ikasleek sentitzen duten presio akademikoa; beste bat, hezkuntza zentroetako langileen estresa eta baliabide falta. Ongizate emozionala bai ala bai jorratu behar den esparru bat iruditzen zaio: "Ez dakite haserretzen, ez dakite barkamena eskatzen. Eman behar dizkiegu  sentitzen dutena kudeatzeko estrategiak eta tresnak, ikus dezaten erantzun eta esku hartze desberdinak egon daitezkeela, dena ez dela txuria ala beltza". 

Adin tarte ugaritako nerabe eta gazteekin lan egiten duen gizarte langileaz gain, Lasarte-Oriako Udaleko zinegotzi (EH Bildurekin) ere bada Oihan Agirretxe, eta udalerri horretako egoeraren argazkia egin du: lagunartean dituzten gatazkak kudeatzeko balio inklusiboetan oinarritutako lanabesak ez dituztenez, ondorioak negatiboak izan ohi direla; espazio libreetan erreferentetzat har ditzaketen figura positiboak falta direla herrian; eskura dituzten baliabide eta zerbitzuetara sartzeko zailtasunak dituztela; sare sozialen kasuan Lasarte-Oria ez dela salbuespena eta horien bidez "balio matxista, arrazista edota misoginoak" barneratzen dituztela; eta harremantzerako orduan drogak kontsumitzen dituztenak badaudela eta adikzioak gara ditzaketela. Konponbide posibleen artean aletu ditu udalen baliabideak indartzea edota komunitatea eta hezkuntza sendotzea. "Bi alor horiek zutabe oso garrantzitsuak dira pertsona horien egunerokoan".

Gizartean bolo-bolo dabilen gaietako bat izanik, herritar mordoa bertaratu da Oriarte Landaberri institutura eta gonbidatuen hitzartzeen ostean euren gogoeta eta iritziak partekatu dituzte, nola ez, borobilean.