Aitor Manso eta Pablo Muga, Aiako podiumean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 27a, 11:30

Ezkerrean, Manso (zuriz) podiumean; eskuinean, Muga. Arg.: EAF-FVE.

Eguraldia izan zen protagonista Euskadiko Mendi igoeren lehen lehian. Andatzatik Aiara lehiatu ziren gidari zein taldeek lan ederra izan zuten kotxeak egoerari moldatzeko. Hala ere, podiumera igo ziren Aitor Manso herritarra eta Pablo Muga zubietarra

Andatzatik Aiara igoerari aurre egin zioten parte hartzaileek Entrenamentuetan lurra bustiarekin gidatu behar izan zuten, baina lehen saio kronometraturako ibilbideko eremu handi bat lehortzen joan zen eta horrek igoera ikusgarriak ahalbideratu zituen. Bigarren igoeran, aldiz, euria hasi zuen eta gidariek ezin izan zituzten lehen probako markak gainditu.

Joseba Iraola bizkaitarra izan zen garailea eta horrekin batera, hirugarren mailan Aitor Manso herritarra izan zen. Lasarte-Oriako gidariak, gainera, 9. mailako garaikurra eskuratu zuen. Pablo Muga zubietarra ere podiumeko gorenean izan zen 6. mailan.

Hasiera ona

Herriko gidaria pozik agertu da lortutako emaitzarekin: "Lehorrean ongi moldatu ginen eta hirugarren marka onena egin genuen. Euritan kotxea ongi doitzen jakin genuen eta Iraolak bi segundoko alde atera zigun bakarrik. Euritako egoeran, kotxeak baino gidaritzak du garrantzia gehiago eta pozgarria izan zen Iraolatik hain gertu egotea"

Izan ere, Mansok aurtengo denboraldian maila altuagoko ibilgailua duten Iraola Eta Arkaitz Ordoki lehiakide zuzenak izango dituela jakitun da: "Gure borroka ez dago nire mailako ibilgailuekin. Goiko kategorietako gidariekin lehiatuko naiz Euskadiko Txapelketa eskuratzeko".