Absurdoa, gozagarri

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 27a, 08:00

TESS Teatro Estudio San Sebastian konpainiako lagunek zur eta lur utzi dituzte kultur etxeko auditorioa lepo bete dituzten herritarrak, Eugene Ionesco antzerkigilearen 'La cantante calva' ikuskizuna erakutsita. Smith eta Martin familien arteko gorabeherak maisuki interpretatu dituzte taula gainera igo diren aktoreek eta hasieratik gatibatu dituzte aretora bertaratu direnak.

Aktoreek funtzioari ekin aurretik TESS konpainiaren zuzendari Manolo Gomez atera da oholtzara. La cantante calva ikuskizunaren gaineko jarraibideak eman aurretik, ikusi-entzuleei erregutu die sakelako telefonoak itzaltzeko. Badirudi jaramon egin diela aretoa bete duten herritarrek.

Ondoren, kontatu die zer aholkatzen dien antzezlana ikustera joaten direnei. "Eskatzen dizuet gozatzeko uneoro oholtzan gertatuko denaz eta ez saiatzeko istorioari zentzu bat bilatzen. Absurdoaren antzezlana egin zuen Ionescok: agian mezuren bat helarazi nahi izan digu lan honen bidez, ala agian ez": Erretiratu eta aktoreei tokia utzi aurretik, azaldu du artista errumaniarraren jatorrizko obraren bertsio bat oholtzaratuko zutela, hori bai, egilearen testu originala erabilita.

Azalpenak emanda, aktoreen txanda iritsi da. Bi senar-emazte agertu dira oholtzan: Smith-arrak eta Martin-darrak. Londresko aldirietako etxe ingles batean kokatzen da istorioa. Smith familiak afaltzera gonbidatuko ditu Martindarrak, eta egoera horrek giro itogarria sortuko du bi sendien artean; hipokresiaz eta etsaitasunez betetako elkarrizketak izango dituzte.

Ustekabean suhiltzaileen kapitainaren bisita izango dute. Hori saiatuko da bi familien arteko tentsioa baretzen, baina alferrikakoa izango da ahalegina. Azken finean, huts egindako komunikazioak gizakiengan sortzen duen arazo iturriaren gaineko hausnarketa egin ahal izan dute ikus-entzuleek, absurdoaz gozatzen jakinda eta begien aurrean izan dutenari behar baino buelta gehiago eman gabe. Ariketa interesgarria eta beharrezkoa, zinez.