Ostadar Boleibol taldeko kadeteek garaipena eskuratu zuten etxean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 26a, 13:15

Boleiboleko Gipuzkoako txapelketako aurrera doa. Kadete mailako taldeek fase aldaketa izan dute eta Ostadar SKTko ordezkariak egoera ezberdinetan daude. Kadete B taldea liga lehiatuko duten taldeak erabakiko duten sailkapen fasea jokatzen ari da; A taldea, aldiz, sailkapeneko 33 eta 36 postuen arteko lehian ari da. Bi taldeek Maialen Chourraut kiroldegian jokatu zuten azken jardunaldia eta emaitza bera eskuratu zuten, 3-0 irabazi zuten

Urdin beltzen B taldeko kideek sailkapen faseko bigarren hitzorduari egin zioten aurre. Lehenean galdu ostean, Ipar Titanak A Donostiako taldearen aurka garaipenaren bila atera ziren herritarrak. Ederki borrokatuta 25-19, 25-18 eta 25-21 gailendu zen etxeko taldea. Argazki galeriako irudiak neurketa horretakoak dira.

Horri esker, puntuak eskuratu eta lehian mantendu da herriko B ordezkaria. Izan ere, fase berri horretan lau taldeko lau multzo egin dira. Horiek bi itzuliko liga jokatuko dute eta lehen sailkatuak Gipuzkoako txapelketako finalerdiak jokatuko ditu.

A taldeak ere bi itzuliko liga jokatuko du sailkapeneko 33 eta 36 postuak erabakitzeko. Fase berriko lehen jardunaldian, Mayumi izan zuen aurrez aurre eta hasieratik nagusi izan zen talde urdin beltzeko ordezkaria; 25-9, 25-19 eta 25-16 irabazi zuen.

Beste emaitzak

Ez ziren horiek Ostadar Boleibola saileko kideek borrokatutako partida bakarrak izan. 

Senior mailako taldeak ere etxean jokatu eta Vendetta taldearen aurka garaipena erdietsi zuen, 3-1 (25-14, 25-21, 22-25 eta 25-22).

Jubenil eta infantilek, aldiz, ezin izan zuten kanpoan euren aurkaria gainditu. Biek emaitza bere eskuratu zuten jokoei dagokionez, 3-1, baina lehiaren nondik norakoak ezberdinak izan ziren. Jubenilak Hernaniren aurka ederki borrokatu eta markagailuan aurreratu arren, ezin izan zuten aurkaria gainditu (23-25, 25-16, 25-23 eta 25-10).

Infantilen kasuan, Aiztondo NKT 2 izan zen garaile, baina bigarren eta hirugarren setean gogor lan egin zuten urdin beltzek neurketari itzulia emateko (25-16, 25-23, 24-26 eta 25-16).