Eguneroko bizitzaren parodia ekarriko du TESS Teatro Estudio San Sebastian konpainiak. Eszenatokiko kontakizuna egiteko, bi senar-emazte agertuko dira oholtzan: Smitharrak eta Martindarrak. Londreseko aldirietako etxe ingles batean kokatzen da istorioa. Smith familiak afaltzera gonbidatuko ditu Martindarrak, eta egoera horrek giro itogarria sortuko du bi sendien artean; hipokresiaz eta etsaitasunez betetako elkarrizketak izango dituzte.
Ustekabean suhiltzaileen kapitainaren bisita izango dute. Hori saiatuko da bi familien arteko tentsioa baretzen, baina alferrikakoa izango da ahalegina.
Azken finean, huts egindako komunikazioak gizakiengan sortzen duen arazo iturriaren gaineko hausnarketa egin ahal izango dute ikus-entzuleek. Horiek, gainera, ez dute bertaratzeagatik sarrerarik ordaindu beharko, nahiz eta gonbidapena beharrezkoa dela ohartarazi duten antolatzaileek.
Egilea eta antzerki konpainia
Eugene Ionesco antzerki idazlearena da La cantante calva. Surrealismotik zetozen adierazpen teknikak eszenara eramatea lortu zuen dramaturgoa izan zen, eta berak idatzitako antzerki obrek ez dute umorea eta gizatasun faltarik; horrez gain, egoera komikoetan aberatsak ere badira. 1950. urtean estreinatu zuten orain herrian erakutsiko duten lana, Donostiako TESSk oholtzaratuko du Manuel Lekuona Kultur Etxean.