Osakidetzako zuzendariarekin hitz egindakoaren berri eman du Agustin Valdivia alkateak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 25a, 15:59

Agustin Valdivia alkatea gaur bildu da Osakidetzako zuzendari Susana Lopez Altunarekin. Bilkura horretan hitz egindako gai nabarmenenen berri emateko, adierazpen labur batzuk bidali ditu TXINTXARRI-ren erredakziora

Valdiviak azaldu du Osakidetzako zuzendariak adierazi diola Lasarte-Oriara osasun profesionalak etor daitezen "aktiboki lanean" ari direla. Horrez gain, maiatz amaieran edo ekain hasieran ebatziko den LEP lan eskaintza publiko bat martxan dagoela ere aipatu du, eta, gaineratu, horren bitartez plaza guztiak betetzea lortzen ez bada, "erreskate izaerako beste lan eskaintza publiko bat" egingo dutela uztailean, bide horretatik plaza guztiak betetzea lortzeko helburuarekin. Azkenik, kontatu du mediku egoiliarrek MIR azterketa amaitu baino bi hilabete lehenago lanean hasteko aukera ere aztertzen ari direla.

Herritarren kexa, "argi"

Bilera horretan lasarteoriatarren kexa "argi" geratu dela ere azaldu du alkateak, egoera "sostengaezina" dela eta "ezin dela horrela jarraitu". Adierazpenarekin amaitzeko, nabarmendu du "beti borrokatuko duela herritarren interesen defentsan".