Beharrezkoa den artean mobilizatzen jarraituko dutela argi utzi dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 25a, 09:00

LOOPA plataformak deituta, mobilizazioa egin dute lasarteoriatarrek herriko osasun zentroaren "egoera larria" salatzeko. Ehunka herritarrek bat egin dute deialdiarekin, eta aurrerantzean, "beharrezkoa izateari utzi arte" hala jarraituko dutela ozen adierazi dute

Anbulatorioan elkartu eta Okendora arteko bidea egin dute herritarrek herriko osasun zentroaren egoera larria ikusarazi eta salatzeko. Ibilbide isila izan den arren, Okendo plazara iritsi, eta deialdiarekin bat egin duten guztiak bildu ostean, LOOPAko bi ordezkarik hartu dute hitza; komunikatua irakurri dute.

Iragan asteazkenean, hilak 19, Lasarte-Oriako anbulatorioan mediku bakarra egon zela gogorarazi dute lehenik, eta azpimarratu, horrek egoeraren larritasuna erakusten duela: "Alarma guztiak piztuta egon beharko lirateke: ia 20.000 biztanle dituen herri batean mediku bakarra egoteak esan nahi duena da, alde batetik, oinarrizko osasun eskubidea errespetatzen ez dela; baina, batez ere, esan nahi duena da herritarren bizitza arrisku larrian jartzen ari dela, argi eta garbi. Mediku bakarra egonda, halako batean bi kasu larriak suertatuz gero, arrisku handia dago modu dramatikoan bukatzeko". 

Ostean, aipatu plataformak iragan hilabetean egindako agerraldia ere oroitu dute; azaldu dute herriko osasun zentroko zuzendaritzari bilera eskatu ziotela. Horri dagokionez, jakinarazi dute gaur-gaurkoz ez dutela inolako erantzunik jaso: "Beste behin ere, Osakidetzako arduradunek isiltasuna aukeratu dute, sufritzen dugun egoeraren benetako tamaina ezkutatzeko beharraz jabetuta agian. Gardentasun falta adierazgarri hau ez dator bat zerbitzari publikoek herritarrei zor dieten errespetuarekin". 

Bilera eskaera horrez gain, hil honetako udalbatzarrean eztabaidatu den plataformaren mozioaz ere mintzatu dira. Bertan egindako eskakizunak gogora ekartzearekin batera, horrek izandako babes faltak sortu duen "mina" ere agertu dute: "Mingarria gertatu zaigu pleno horretan hainbat hamarkadatan Osakidetza kudeatu duten eta, ondorioz, gaur sufritzen dugun egoeraren erantzule diren ordezkariei entzutea". Gauzak horrela, EAJko ordezkari politikoak udalbatzarrean esandakoak gogorarazi dituzte: "Ez du zentzurik mozio bat aurkezteak Udalak Sailburuarekin hitzordu bat eskatzeko edo udalerriari dagokion egoeraren jarraipena egiteko, hori baita udalak, berez, egin behar duena". Adierazpen horiei dagokienez, plataformako kideek esan dute ados egon daitezkeela, baina azpimarratu dute, udalak Osakidetzako arduradunekin biltzeko pausoa eman duela, soilik LOOPAk mozioak aurkeztu edota manifestazioak deitu ondoren. Hori hala izanik, nabarmendu dute "erabateko zentzua" duela mozioak aurkezteak, manifestazioak deitzeak edota gaurkoa bezalako giza kateak egiteak. Gaineratu dute horrela jarraituko dutela beharrezkoa den bitartean. 

Pasibotasunik ez

Mozioari atzera bota eta egun gutxira, errealitateak "arrazoia eman" diela ere adierazi dute: Talka plan baten premiazko beharra aldarrikatu dute, baita egoera zaurgarrian dauden familiei laguntza mekanismoak bilatzekoa ere: "Alerta gorrian gaude. Arrisku handiko egoera. Joan den asteazkenean gertatu zena edozein momentuan errepika daiteke ondorio dramatikoak sortuz, ez epe ertain edo luzean bakarrik, baita berehalako epean ere". 

Horregatik guztiagatik, eta egoera larria dela kontuan hartuz, pasibotasunak ez duela balioa argi azaldu dute plataformako kideek, eta gaineratu, momentuaren larritasunak "erreakzionatzea, irtenbideak bilatzea eta erantzutea" eskatzen duela. Eta hain zuzen ere, horixe bera eskatu diete alderdi politiko eta sozialei; "Bakoitzak bere jardun eremutik eta duen kudeaketa boteretik modu aktiboak jardun dezatela, kalitatezko osasun publikoaren alde". Nola ez, dei berbera egin diete herrikide guztiei ere: "Zuen eskubideak defendatu eta mobilizatu zaitezte. Bizitza dugu jokoan". 

Amaitzeko, oroitarazi dute Agustin Valdivia alkatea bihar bilduko dela, Gasteizen, Osakidetzako Zuzendari Nagusiarekin. Horrekin batera, ez dute aipatu gabe utzi iragan asteazkenean, hilaren 19an, LOOPAk osasun sailburuari eta Osakidetzako zuzendariari bidali zion jakinarazpena.