Errotiko aldaketak aldarrikatzeko eguna prestatu dute LOGA taldeko gazteek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 23a, 21:00

Lasarte-Oriako Gazte Asanbladak herrian sumatutako gabeziei erantzuteko asmoz antolatu du Gazte Eguna, larunbat honetan. 

Lasarte-Oriako Gazte Asanbladak Senti gaitzatela! lelopean Gazte Eguna ospatu du, larunbat honetan. Horretarako, hainbat ekitaldi preparatu ditu goizetik gaueraino; manifestazioa, bertsopoteoa, bazkaria eta kontzertuak, besteak beste. Ospakizuna alaia eta bizia izan arren, LOGAko kideek aldarrikatzeko tartea ere izan dute. Izan ere, asteburu honetan antolatutakoa, beste hainbat konturen artean, gazteei zuzendutako aisialdi eskaintza eskasari erantzuna emateko proposamena izan da. 

Goiza hitzaldiarekin hasi da, Antonio Mercero aretoan. Horretarako, aurretiaz prestatutako irakurria leitu dute LOGA taldearen sorrera eta beharra azpimarratzeko. Arean ere, ekimen hau duela urtebete hasi zela jakinarazi dute; iazko maiatzan, herriko gazteentzako gaztetxea edo espazio autogestionatua lortzearren. Ildo beretik, Lasarte-Orian horrelakorik ez izatearen malurak zerrendatu dituzte kultura, aisialdi eta elkarbizitza eskaintzarekikoak, batez ere. Azken batean, kideek helarazi dute gazteek autogestionatu gabeko espaziorik gabe euren premiazko beharrez eta nahiez solasteko aukerarik ez dutela; esaterako, ezin dutela etxebizitzaren inguruko aferaz eztabaidatu edota gazte mugimendua antolatu. Hutsunari buruz aritu direlarik, duela urte batzuk galdutako Elebeltz espazioari buruz ere zenbait kontu esan dituzte, eta horren harira, Xirimiri Elkarteak nolabaiteko espazio autogestionatuaren lana egin izana ere eskertu dute. 

Irakurriarekin amaitzeko, bi ariketa egin dituzte taldeka. Lehenengoan, ametsetako Lasarte-Oria irudikatu dute; gazteen gustuetatik, nahietatik eta beharretatik abiatuta eraikitako herria, hain zuzen. Okendoko frontoi zaharra, baratza komunitarioak edota kontzertu sala gehiago. Bigarren ariketan, egutegia hartu eta orotariko ekitaldiak proposatu dituzte: bitxikeriak egiteko tailerrak, soldadura edota iturgintza eskolak, eta abar. Jarduera bakoitza egiteko, bi orri izan dituzte. Segidan, taldeek proposatutako herria zein urtekaria borobilean aurkeztu dituzte, eta hori eginda, zizka-mizkez gozatu dute. 

Aretotik at, bertsopoteoari ekin diote. Euria egin arren, aterkien gerizpean herriko taberna ugarietatik pasa dira bertsoak entzun ahala, jakiez eta edariez taldean disfrutatzera. Bertsolariak honako hauek izan dira: Leire Ormazabal, Kattalin Lizarraga, Maddi Lasa eta Araitz Ramos. Lierni Rekondo aritu da gai jartzaile lanetan. Bien bitartean, Okendo Plazako etxabeetan, geroko bazkaria prestatu dute: paella. 

Bazkalostean, bingoa egin dute eta jarraian, ateri zela aprobetxaturik, ginkana. Jolasak jolas, arratsaldean, manifestazioa egin dute Okendotik abiatuta. Eguna Ertz taldearekin doinuekin amaitu dute, baita DJ Jotaxoxoren errepertoriarekin ere. Eguraldi txarra dela-eta, bi kontzertuak aurreratu egin behar izan dituzte: Lehenak Jalgin jo du gaueko bederatzietan, eta ondoren, beste artistak, Ilargin. 

Erantzunaren esperoan

Adiskide artean ongi pasatzeko eguna izan da. Hala ere, LOGAko kideek Gazte Eguna Udalaren erantzun ezarengatik sortu dela aitortu nahi izan dute. Azken batean, euren sorrerarekin batera, herriko diagnostikoa egin, gazteen hutsuneak identifikatu eta horretarako espazio autogestionatuaren beharra sumatu zuten. Hori gogoan izanda, Udalari gutuna idatzi zieten espazio baten eskaera egiteko. Proposamen horren gainean hitzik ere esan ez zutenez, ekimeneko gazteek bien bitartean zerbait egiteko asmoz antolatu zuten larunbateko eguna.