Mobilizazio hori aurrera eraman dute Palestinarekin adostutako menia “erabat” apurtu duelako Israelek; aire erasoei ez ezik, lurrekoei ere berrekin die. Hori arbuiatu eta palestinarrentzat “irtenbide justu bakarra” aldarrikatzeko batu dira, beste behin, dozenaka herritar.
Okendo plazatik abiatu, eta leku berean amaitu dute mobilizazioa. Komunikatu bat ere irakurri dute deitzaileek, Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimeneko kideek. Azpimarratu dute 2025. Urtea, iazkoaren modu berean hasi dutela palestinarrek. Gaineratu dute, egunotan Gazan gertatutakoak iragarpenik okerrenak baieztatu dituela, eta aurretik hala izango zela jakin izanak, ez duela euren mina leundu.
Honako adierazpenok egin dituzte jarraian: “Bagenekien su-etena ez zela irtenbidea, irtenbide politikoa kolonizazioaren amaiera eta erakunde sionistaren desagerpena dela. Orain badakigu tregoa inperialismoaren maniobra bat zela, Trump AEBko boterera iritsi zenean posizioak berrantolatzeko. menia instrumentala zen eta Sirian inperialismoaren morroiak indartzeko helburua zuen, lurralde gehiago okupatuz, erresistentziaren ardatzaren aurrean bere babes eremua handitu ahal izateko. Baina, aldi berean, badakigu su-eten horrek beharrezko atseden humanitarioa ematen ziela gazatarrei”.
Nabarmendu dute, ordea, arnasaldi hori, asteon amaitu dela, Gazako errefuxiatu guneen aurkako erasoekin –500 palestinar baino gehiago hil dituzte Gazan asteartetik hona, eta 900 zauritu baino gehiago eragin–. Horregatik, lasarteoriatarren maitasun eta elkartasuna bidaltzeko bat egin dute herritarrek deialdiarekin.
Mendebaldeko gobernuak
Herrian barrena zabaldutako aldarriak mendebaldeko gobernuen belarrietara iristeko nahia ere agertu dute, horien artean, Ajuria Eneakoa barne, “haiek ere sionismoaren beharrezko laguntzaileak izanik beraien diruarekin, teknologiarekin, armekin eta konplizitate politiko eta mediatikoarekin Palestinako herria hiltzen ari direla”. Hala, ohartarazi dute egun, Gazan Hiroshiman halako lau lehergailu jaurti direla dagoeneko eta gazatarrek Auschwitzeko nazien kontzentrazio esparruek baino egoera okerragoa pairatzen ari direla. Azaldu dute, hori guztia mendebaldeko gobernuek eta oligarkiek interesa dutelako gertatzen ari dela: “Beste batzuetan esan izan dugun bezala, Israelgo erakunde sionista argi eta garbi mendebaldeak eskualde horretan duen proiektu koloniala da”.
Agerraldia amaitzeko, ozen aldarrikatu dute palestinarrentzat irtenbide justu bakarra ibaitik itsasorainoko deskolonizazioa, apartheid sionistaren egiturak desegitea eta errefuxiatuak beren etxeetara itzultzea dela.