Aitor Mansok iazko emaitzak hobetu nahi ditu aurten; 9. mailako podiumeko gorenera igo zen eta plaza bakarreko ibilgailuen mailan bigarren izan zen. Lasarte-Oriako gidariaren hitzetan, "helburua txapelketa irabaztea izango da". Horretarako lehiaketako proba guztiak eta Nafarroako txapelketako batzuetan parte hartuko duela aurreratu du.
Lehia hasteko prest agertu da gidaria eta eguraldiarekin ere gogoratu da: "Gogotsu nago. Andatzatik Aiarako igoera etxetik gertu dagoen proba bat da. Eguraldia lagun izatea besterik ez dugu falta. Asko gozatuko dugu eta ea zer gertatzen den lehen proban".
Helburuak moldatu
Mansok BRC B49 ibilgailua erabiliko du bere xedea eskuratzeko eta hainbat babesle izango ditu – Ferdoux estructuras, Aizpurua-Unanue eraikuntzak, Toyota Euskoauto eta Lexus Ikigaikars – eta horietako bat berria izango da gainera, herriko Etxezarreta harategia.
Hala ere, iazko denboraldia amaitzearekin bat, herritarrak kotxea salgai jarri zuen auto berri bat eskuratzeko asmoarekin, baina ezin izan du lortu eta aurreikuspenak aldatu behar izan dituela onartu du: "Espainiako txapelketak itxaron beharko du. Gure ibilgailua 2019 urtekoa da eta Espainiako txapelketan 2025eko kotxeekin ari dira lehian. Egungo ezaugarriekin ezin gara lehiakorra izan eta haien aurka borrokatu".
Hala ere, txapelketako probaren bat egingo duela aurreratu du: "Ez dugu erritmoa galdu nahi eta horregatik lasterketa pare bat egingo dugu Espainiako txapelketakoa".
Eta hurrengo urtera begira, itxaropentsu agertu da: "Auto berri lortzen badugu, Espainiako txapelketa irabaztea izango dugu helburu".