Eider Redondo laugarren sailkatu da Espainiako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 19a, 13:45

Ostadar SKTko Eider Redondo, hesi lasterketa lehiatzen. Arg.: G. Redondo /Momento Deportes

16 urtez azpiko pistako Espainiako txapelketa lehiatu da hilaren 15ean eta 16an Ourense (Galizian). Espainiar Estatuko atleta gazte guztien artean bi herritar izan ziren lehian Ostadar SKTko Eider Redondo eta Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondo

Azpimarratzekoa da Redondoren jarduna, Ostadarreko kirolaria lehen postuengatik lehian izan zen proba konbinatuetan eta bere marka onduz, 3383 puntu, laugarren postuan amaitu zuen txapelketa.

Hilaren 15ean, goizeko jardunaldian hiru probari egin zien aurre talde urdin-beltzeko kirolariak. Lehiaketa hastearekin batera, sorpresa eman zuen herritarrak; 60 metro hesitan garaipena eta bere marka pertsonala ere berritu zuen, 9,01.

Altuera proban, 1,54 metro jauziarekin hirugarren izan zen eta pisuan 8,98 metrora bidali zuen bola.

Arratsaldeko saioari begira, lehen postuetan zen herritarra eta luzera jauziko hirugarren postuak (5,43 m.) domina eskuratzeko postuetan jarri zuen, faborito zen Olivia Gutierrez galiziarraren aurretik.

Lehen bi postuetan zeuden lehiakideak zein Gutierrezek 600 m. lasterketan bera baino marka hobea zutela jakitun, azken proban 600 m. lasterketan hasieratik guztia jokatzea erabaki zuen Redondok. Lasterketako lehen zatia aurrean egin zuen arren, ezin izan zion erritmoari eutsi eta 01.50,14 denbora egin zuen helmugan. Eta horrek laugarren postuan amaitzea ekarri zuen.

Atletico San Sebastian taldeko Hodei Murgiondori dagokionez, pertika proban ezin izan zuen 3,26 metroko langa igaro eta 3,06 metroko marka eginda, hamaikagarren postuan amaitu zuen proba.