Finalerdian, hilaren 7an, Aizkorpe garaitu eta astebete geroago Bergarako bikoaren aurka jokatu dute azken lehia Balerdi eta Iparragirrek. Zizurkilen batu ziren ikusleen aurrean, Bergarako taldeak txapela jantzi zuen.
Hasieratik aurre hartu zuen Bergarak 4-0 eta jarraian, tantoak txandakatzen joan ziren. Partidako zati batean Iparragirre herritarrak jokoaren pisua hartu eta lan ederra egin arren, Zazpi Iturrik ezin izan zion neurketari itzulia eman eta Bergarak 18-14 irabazi zuen.
Finalerdiak
Maila batzuetan finalak jokatzen hasi diren arren, beste batzuetan oraindik fase finala lehiatzen ari da eta Intza elkarteko kideak, esate baterako, Gipuzkoako zein Ekialdeko txapelketetako finalerdiei egingo diete aurre hurrengo jardunaldian.
Alebin I. mailako bikoteak Ataun izango du aurkari Gipuzkoako txapelketan eta Ekialdeko lehiako finalean egoteko borrokatuko da Infantil I. mailako bikoa Pagazperen aurka.
Azken jardunaldian, aldiz, ez zuten zorterik izan herriko ordezkariek.
Alebin I. mailako kideek presiorik gabe jokatu zuten LAPKE 2 ren aurka; bi taldeak finalerdietarako sailkatuak zeuden. Ederki borrokatu arren, Gorostidi-Jauregui bikoak 16-14 galdu zuen.
Infantil II. mailako bikotea, aldiz, Ekialdeko txapelketako final laurdenean kanporatua izan zen. Tolosa 5 bikoteak 8-18 garaitu zuen Lasa eta Lopezek osatutako bikotea.