Martin kadete mailako taldean ari da lehian Andoaingo eskolan, harekin batera Luken Garmendia eta Unax Guisado herritarrak ere dira partaide. Eskolarteko mailan ere bada herriko ordezkaririk, Aimar Guisado eta Xuar Otamendi.
Kadeteek, hilaren lehenean, Beasaingo Usurbe probarekin estreinatu zuten denboraldia eta astebete geroago Mendaro Herri Sari Nagusian ere izan ziren borrokan. Horietan borrokan ibili ziren arren, ezin izan ziren lehen postuetan sailkatu.
Zarautzen arantza kendu ahal izan zuten. Martin Zumaiara iritsi aurreko ihesaldian sartu zen. Meagasera bitan igo behar izan ziren txirrindulari gazteak eta lehenengoan bigarren igaro zuen herritarrak; bigarren aldian, berriz, lehenengoa izan zen tontorrean lehiakideak atzean utzita. Atzean taldekideak tropelean edo taldetxoetan lortu zuten mendatea igotzea.
Jaitsieran Martinek aldea atera zien jarraitzaileei eta bakarrik igaro zuen helmuga; bigarren sailkatua 15 segundora iritsi zen. Gainerako herritarrei dagokionez, Garmendiak lehen sailkatuek baino lau minutu gehiago behar izan zituen eta Guisadok lasterketa utzi behar izan zuen.
Garaipenaz gain, Meagaseko mendatean lortutako puntuei esker Martinek mendiko saria eskuratu zuen eta Andoaingo txirrindulari eskolak talde hoberenaren garaikurra eraman zuen.
Egun bat geroago, hilaren 16an, Lizarran izan ziren lehian kadete mailako Nafarroako txapelketako lehen proban, Si hablaran trofeoa. Martinek Oinatz Arruti taldekidearekin bigarren tropelean sartzea lortu zuen garailetik bi minutura. Garmendiak bere kideek baino bi minutu gehiago behar izan zituen helmugara iristeko.
Eskolarteko mailako herriko ordezkariek, aldiz, otsailaren 22an Andoainen izan zuten lehen proba eta hilaren 8an Zegaman euren onean eman zuten.
Deban izango dute gazteek hurrengo hitzordua, XXXIII. Amaiak Bat txirrindularien proba.
Euskaldun txapelketa
Gaztetxoez gain, elite eta 23 urtez azpiko mailan Beñat Carbayeda herritarra Euskaldun txapelketako probak lehiatu ditu Caja Rural-Alea taldearekin. BI lasterketetan izan da tropelean herritarra otsailaren 22an, Zumaiko Sarian eta hil honen hasieran Bizkaian aldean, Ereñon.