Otsailaren 10 eta 13ko bilkuren aktak onartzearekin (aho batez) ekin dio udalbatzak hil honetako ohiko udalbatzarrari, eta ostean, otsailaren 10etik martxoaren 9ra artean emandako alkatetza dekretuen berri eman du Agustin Valdivia alkateak.
Euskara Batzordearen lehendakaritza hartu berri duen Estitxu Alkorta Barraganekin lotutako zenbait puntu jakintzat eman dituzte gero. Aipatu postu horren eskuordetzearen onarpena ziurtatzen duen alkate dekretuaren berri eman du Valdiviak lehenik, eta Lasarte-Oriako Tokiko Gobernu Batzarraren osaera aldatzen duenarena gero. Ostean, otsailaren 28ko 2025/337 Alkatetza Dekretuaren berri ere eman du, zeinarekin Alkorta bigarren alkateorde izendatu den.
Bosgarren alkatetza dekretu baten berri eman du ostean Valdiviak, hilaren 5eko 386/2025arena. Horren bitartez, udalak Segurtasun eta Osasun Batzordean izango duen ordezkaritza instituzionalak izendatu ditu.
Gai ordenako zazpigarren puntuan alkatetzak proposatu du Organo Kolegiatuetan Korporazioaren ordezkariak izendatzea, Bozketa egin dute, eta hau izan da emaitza: Aldeko 10 bozka (PSE-EE eta EAJ) eta 6 abstentzio (EH Bildu, ELOP eta PP). Alokabideren hitzarmena onartzea eztabaidatu dute ostean, eta horrek, aldiz, honako emaitza izan du: Aldeko 14 bozka (PSE-EE, EH Bildu eta EAJ) eta 2 abstentzio (ELOP eta PP).
2023ko inbentarioaren zuzenketa onartu dute jarraian ( aldeko 15 bozka eta abstentzio 1), eta antolaketa azterlanari aurkeztutako alegazioak deuseztatzea eta azterlana behin betiko onartzea mahaigaineratu du ondoren, alkateak, hamargarren puntuan. Bi alderdik gaiarekiko euren ikuspuntua erakutsi dute (ELOPek eta EH Bilduk) eta bozketa egin dute gero. Gaiak aurrera egiteko adina babes jaso du: aldeko 10 bozka, aurkako 5 eta abstentzio bat.
Hamaikagarrenetik, hamabosgarrenera
Lanpostuen zerrendaren aurka aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoaren baliogabetzea onartu du udalbatzarrak gai ordenako hurrengo puntuan (aldeko 10 bozka, aurkako 4 eta bi abstentzio batu ditu), eta hamabigarrenean, berriz, 2025. urteko lanpostuen zerren eta udal plantilla organikoaren lehenengo aldaketa onartu edo ez eztabaidatu dute. Horrek ere aurrera egin du, aldeko 10 bozkekin, aurkako laurekin eta 2 abstentziorekin. Saioarekin aurrera egin, eta lan poltsen araudiaren aldaketari hasiera emateaz mintzatu dira. PSE-EE eta EAJ alde agertu dira (10 bozka) eta EH Bildu, ELOP eta PP, berriz, abstenitu egin dira (7 bozka).
Ostean, ofiziozko berrikuspen espedienteko alegazioen zati bat onartzea eta espedientea Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari bidaltzeaz aritu dira hamalaugarren puntuan. Aldeko 10 bozka bildu ditu (PSE-EE eta EAJ), aurkako 4 (EH Bildu) eta bi abstentzio (ELOP eta PP).
Galdera eta erreguen tarteari ekin aurretik, bozeramaileen batzarrak aurrez onartutako mozio bat landu dute. LOOPA Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde taldeak aurkeztu du aipatu mozio hori, Osasun publiko eta kalitatezkoaren alde, gure medikuak non daude izenburupean, eta beste zenbait konturen artean, honako eskera hauek egin dizkio udalbatzarrari, "herritarren instituzio gertukoena eta lasarteoriatarren interes eta eskubideen ordezkari hurbilena" den aldetik.
- Donostialdeko ESIko arduradunekin izandako bileraren eraginkortasun eza ikusita, udalak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailburuarekin bilera egiteko eman beharreko pausoak ematea. Bileran, mediku falta dela-eta lasarteoriatarrek pairatzen duten babesgabetasun eta sufrimendua adierazteaz gain, horrek sortzen dituen ezinegona eta haserrea helarazi, eta gure udalerriko egoera larriari buelta eman ahal izateko txoke plana modu urgentean aurkez dezala eskatzeko.
- Udalak kudeaketa horien emaitzen berri ematea herritarrei.
- Udalak osasun arloko eskumenik ez duela jakitun izanda, aldi berean erakundeak herritarren ongizatearen defentsan duen ardura eta pairatzen duten egoeraren larritasuna kontuan hartuz, pobrezia energetikoari aurre egiteko hainbat neurri indarrean dauden moduan, antzeko emergentziazkoak ezartzea osasun pobrezia egoeran egon daitezkeen Lasarte-Oriako norbanakoentzat eta familientzat.
Gaiak ez du aurrera egin, Alde agertu dira EH Bildu, ELOP eta PP alderdiak (6 bozka) eta, aurka, berriz, PSE-EE eta EAJ.
Galdera eta erreguak
Hainbat izan dira hil honetako saioan galdera eta erreguen tartean mahaigaineratu dituzte gaiak ere.
PP alderdiak, adibidez, sorospen etxea martxan jartzearen gainean galdetu du, eta N-1 errepidea estali edo lurrazpiratzeaz ere bai.
EH Bilduk, berriz, Gizarte Zerbitzuetako langileak bizitzen ari diren lan egoeraz jakin nahi izan du, hala nola, egun zenbat langile dauden aktiboki lanean, eta bajan daudenek egin ezin dituzten lanak, jardunean daudenen lan kargan nola eragiten duen. Horrekin guztiarekin batera, Gizarte Larrialdietarako Laguntzez ere galdetu dio udal gobernu taldeari.
Kirol sailari ere zuzendu zaio alderdia. Jakinarazi du herriko kirol elkarte batek eskaera bat erregistratu duela, zeinaren bidez eskatu duen 2024. urteko diru laguntzen % 40 noiz ordainduko dien udalak. Hori hala izanik, aipatu alderdiak jakin nahi izan du ordainketa hori noiz gauzatu asmo duen gobernu taldeak. Bestetik, kirol elkarteak erregutu du aurtengo diru laguntzen deialdia ahalik eta lasterren argitara dezatela Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Horrekin guztiarekin batera, EH Bilduk jakin nahi izan du ere kirol elkarteari erantzun ote zaion.
Gai bakoitzari erantzuna eman dio dagokion saileko ordezkari politikoak.