Ibai alboko pasealekua itxiko dute astelehenean, kiroldegi berriko lanengatik

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 13a, 17:26

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du datorren astelehenetik aurrera itxi egingo duela Oria ibaiaren ondoan dagoen paseatzeko bidea, kiroldegi berriko lanak direla-eta. Oinezkoentzako eta bidegorria erabiltzen dutenentzako bide alternatibo bat jarriko dute egun horretan bertan: Geltoki kaletik desbideratuko dute, zehazki, Michelingo kirol guneko atezaindegiaren eta faktoriako atezaindegiaren arteko tartea erabilita. Azpiegitura horretan egin beharreko eraikuntza lanak amaitu arte ez dute ohiko ibilbidea berrirekiko. 

Udaleko ordezkariek azpimarratu dute "ezinbestekoa" dela kiroldegi berri bat eraikitzea herriko kirol azpiegiturak hobetzeko, eta bide horretan egin beharreko obrek eragindako eragozpenengatik barkatzeko eskatu die lasarteoriatarrei.