Añorgako proba esprint modalitatekoa da eta hiru zati egin behar izan zituzten parte hartzaileek: 5 km lasterka, 19 km bizikletan eta 2,5 km. lasterka.
Maddi Marquet Ferran donostiarra eta Paul Bereziartua Plaza durangarra izan ziren lehenak helmuga igarotzen. Zumeatarra taldeko Urko Izagirre Agote izan zen lasarteoriatarren artean azkarrena helmugan (01.08.29) eta 23 urtez azpiko mailan seigarren postuan sailkatu zen.
Ez zen bere mailan lehen postuetan amaitu zuen herritar bakarra izan Urkoren aita eta taldekide Mikel Izagirre Aramendi (01.18.51) eta Jon Presa Herranz (01.12.11) lasterkaria laugarren izan ziren Beterano 2 zein Open mailan, hurrenez hurren.
Bestalde, otsailaren 15ean, Urko bera eta Ibai anaia Amorebieta Etxanoko taldekako proban izan ziren lehian. Zumeatarra A taldeko kide izan ziren biak eta hamalaugarren postuan amaitu zuten lehia.
Andoainen izango dute hurrengo hitzordua duatloiko zaleek, hilaren 15ean, Zumeatarra taldeak lehenengoz antolatzen duen esprint proban.