Herriko igerilariak ederki jardun dira neguari agur esan baino lehen

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 13a, 09:15

Neguko Ligako azken jardunaldian parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Herriko igerilariek bi hitzordu garrantzitsu lehiatu zituzten lehengo astean. Buruntzaldea IKTko kideek Neguko Ligako azken jardunaldiari egin zioten aurre; Bidasoa XXI taldeko Iñaki Bocharrek, aldiz, Junior mailako Espainiako txapelketan partea hartu zuen hiru probatan

Buruntzaldea IKTko hamabost igerilarik Gipuzkoako Neguko Ligako azken jardunaldia jokatu zuen hilaren 8an, Ordizian.

Igeriketa taldeko kideak ederki aritu ziren lehian. Probetako lehen postuetan izan ziren eta marka pertsonal ugari berritu zituzten:

  • Iker Gorostegui: 100 m. eta 200 m. bizkar
  • Alba Escribano: 800 m. libre eta 50 m. tximeleta
  • Mayi Gorostegui: 50 m. libre eta 100 m. lau estilo
  • Irati Etxeberria: 100 m. bular eta 50 m. tximeleta
  • Oihan Matute: 100 m. bular
  • Mario Amantegi: 100 m. bular eta 100 m. lau estilo
  • Ibon Elola: 800 m. libre
  • Kimetz de la Cruz: 800 m. libre eta 50 m. tximeleta
  • Amaiur Iparragirre: 50 m. eta 200 m. libre
  • Nora Miguelez: 800 m. libre eta 50 m. tximeleta
  • Ane Meyer: 800 m. libre eta 100 m. lau estilo
  • Itxaso Iparragirre: 50 m. tximeleta
  • Ander Martinez: 800 m. libre eta 100 m. lau estilo
  • Laida Guerrero: 800 m. libre

Buruntzaldea IKTko prestatzaileak pozarren daude taldeko kideen jardunarengatik: "Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketak bukatu ondorengo lehen lehia izan zen eta oso baliagarria izan zitzaigun entrenamenduetan egindako zuzenketek duten emaitza egiaztatzeko". 

Era berean, hilaren 29an eta 30ean, Bergaran lehiatuko den Gipuzkoako Kluben Kopa prestatzeko ere baliagarria izan zela adierazi dute taldeko entrenatzaileek.

Espainiako txapelketa

Horrez gain, Bidasoa XXI taldeko Iñaki Garcia Bochar herritarra junior mailako Espainiako txapelketan lehiatu zen hilaren 5etik 9ra, Sabadellen, Katalunian.

Herritarrak 16 urteko mailan hiru probatan parte hartu zuen. 50 m. bizkar (28,99) eta 50 m. (25,17) zein 100 m. libre (55,43) kanporaketa saioetan egin zuen igeri Irungo taldeko kideak, baina ezin izan zuen finaletarako sailkatu.