Taula Xake Klubeko taldeak Ligan indartsu ari dira lehian

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 12a, 09:00

Taula Xake Klubeko ordezkariak ederki ari dira lehian taldekako Gipuzkoako Ligan. Bigarren mailako taldea igoera jokatzen ari da; hirugarren mailako kideak, aldiz, jardunaldi bat falta dute fasea amaitu eta lehen postuan amaitzeko. Bi taldeek jardunaldia izan zuten hilaren 8an Blas de Lezoko lokalean eta biek puntuak eskuratu zituzten

Taula A taldeak martxoa hastearekin batera I. mailarako igoera fasea hasi du.

Fase berriko lehen hitzorduan Zaleak A izan zuen aurrez aurre Lasarte-Oriako taldeak eta bina berdindu zuten. Erlantz Sanchez Huertak garaipena lortu zuen bere taulan, Pablo Arrondo Carbonell eta Jose Ignacio Echeverria Eleiceguik parra egin zuten eta Miguel Maria Borja Arruek ezin izan zuen punturik eskuratu.

Bere multzoko lehen sailkatu modura amaitu zuen lehen fasea A taldeak eta harekin batera sailkatu ziren Beraun Bera B, Salto Bidasoa C eta Gros I. Horien aurka eskuratutako puntuak mantenduko ditu taldeak lehia berrian eta azken fase honetan beste multzoko Txaturanga, Bergara A, Santikutz B eta Zaleak A taldeen aurka lortutakoak gehituko zaizkio sailkapenari. Gauzak horrela, lehen jardunaldiaren ostean, Taula A eta Beraun Bera B 9,5 puntuetara berdinduta daude.

Finala gertu

B taldeak hirugarren mailako azken aurreko neurketa jokatu zuen. Beraun Bera Cko laukoa izan zuen aurrez aurre etxeko taldeak eta nagusitasunez 4-0 garaitu zuen.

Horri esker, bere multzoko sailkapeneko buru da 22,5 punturekin eta 3,5 tantoko aldea du bigarren sailkatuarekin. Faseko azken norgehiagokan, hilaren 15ean, Gros L izan du aurkari eta lehena mantenduz gero, mailako finala jokatuko luke beste multzoko buruaren aurka.

Gazte mailako lehia

Taldekako txapelketaz gain, urtarrilean eta otsailean igandero hitzordua izan dute xake jokalari gazteek Donostian. Euren mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatu da eta Taula Xake Klubak Erlantz Sanchez Huerta izan du ordezkari modura.

Sanchezek zazpi partida jokatu ditu. Lau irabazi, bat berdindu eta bi galdu ostean, sailkapeneko seigarren postuan amaitu du lehiaketa xake jokalari gazteak.