Antzerki obrak ikustera joateko aukera dute herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 11a, 12:38

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko da hilaren 27an, eta hori aitzakiatzat hartuta, zenbait antzerki obra iragarri ditu Kultura sailak. Horietako bat izango da Txalo Produkzioak-en 'Amak'; bertan ari da, aktore lanetan, Intza Alkain herritarra

Lasarte-Oriako Udaleko Kultura sailak hil honetarako programatu dituen antzerki obrak iragarri ditu Ainara Elicechea aipatu departamentuko zinegotziak prentsaurrean. Elicecheak aipatu du udala etengabe ari dela lanean "eskaintza kultural anitz eta inklusiboa" bermatzeko. Horrekin batera, eta antzerkia hizpide hartuta, esan du arte diziplina hori "aukera paregabea" dela horrek gizartean duen "gaitasun eraldatzailea eta hausnarkorra" aldarrikatzeko. 

Gauzak horrela, hil honetan aurrera eramango dituzten bost antzerki obren berri eman du. Martxoaren 8aren harira antolatutako jardueren artean, Kikilisaltsa Antzerki Taldeak Eta horrela jarraitzen dugu antzezlana erakutsiko du. Mercero gunean izango da hori, hilaren 13an, eta sarrera doakoa.

Bi egun geroago, hilaren 15ean, Ene Kantak taldearen eskutik Bisonte Mastodonte ikustera joateko aukera izango dute herriko familiek. 17:00etan izango da hori, eta sarrerek 4 euro balio dute. 

Kamikaz Kolektiboaren eskutik, berriz, Renata obra ikusi ahal izango dute herritarrek. Hilaren 22an izango da hori, larunbatarekin, 20:00etan kultur etxeko auditorioan. Sarrerek 6 euro balio dute. 

Teatro Estudio konpainiak, berriz, La cantante calva oholtzaratuko du hilaren 26an. 19:00etan izango da hori, kultur etxean eta sarrera doakoa. 

Intza Alkain, bere oholtza "kuttunenean"

Hil honetarako iragarri duen hirugarren eta azken antzezlana da Amak. Txalo Produkzioak-en ekoizpena da, hilaren 29an erakutsiko dute hori, 20:00etan, leku berean, kultur etxeko auditorioan. 

Istorio barregarria kontatzen duen komedia bat ikusiko dute bertaratzen direnek, lau emakumerena. Horietako bat hezurmamituko du Intza Alkain herritarrak, eta berarekin batera, ariko dira oholtzan, Iraitz Lizarraga, Tania Fornieles eta Oihana Maritorena. 

TXINXTARRIK prentsaurrekoa baliatu du lasarteoriatarrari lan horren gainean galdetzeko, eta esan du, lanak elkartzen dituela, oholtzan, lau emakume. Horiek ikastetxe bateko itxaron gelan topo egiten dute. Arazo komun batekin topo egingo dute, eta bertatik ezin atera geratuko dira. Gauzak horrela, egoera hori baliatuko dute amatasunaren gainean hitz egiteko.

Gaineratu du berarentzat "plazer hutsa" dela herrian aritzea eta antzerkigintzan Lasarte-Orian egindako ibilbidea azpimarratu du: "Sei urterekin hasi nintzen Kukuka antzerki eskolan, eta, beraz, kultur etxeko oholtza hau da niretzako kuttunena, emozionalki izugarrizko lotura daukat. Herritar ugari etortzen dira beti, eta, normalean beti amaitzen dut malkoren bat edo beste isurtzen". Adierazi du "deseatzen eta oso pozik" dagoela berriz ere herrian aritzeko. 

Udazkenean ere berriro itzuliko da Alkain Manuel Lekuonara; Formol Laborategiarekin ariko da orduan. 

Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Kukukaren emanaldia

Hilaren 27an ospatuko da Antzerkiaren Nazioarteko Eguna eta hori hala izanik, Lasarte-Oriako Kukuka antzerki eskolako ikasleek emanaldia egingo dute Okendo plazan. 18:00etan hasiko da ekimen hori.