Finala garaituz denboraldia biribildu du Ostadar Boleiboleko Euskal Liga taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 11a, 10:00

Ostadar Boleiboleko Euskal Ligako II. mailako taldeak ederki amaitu du denboraldia. D'Elhuyar Logroño taldea garaitu zuen hilaren 8an, final zirraragarrian; bosgarren zatian erabaki zen II. mailako txapelduna

Maialen Chourraut kiroldegia bere zuten zaleek kiliak dantzan jarri zizkien final borrokatuaz gozatu ahal izan zuten. Ostadar Boleibol taldeak fase erregularreko arantzatxoa kendu nahi zuen; D'Elhuyarrek azken jardunaldian garaitu zuen talde urdin-beltza.  

Bi taldeak sendo egon ziren euren sakeekin eta defentsan ere lan ederra egin zuten. Tanto luzeak borrokatu behar izan zituzten bi taldeak puntuak markagailura igotzeko eta aurkariaren akatsak baliatu zituzten horretarako.

Ostadarrek eskuratu zuen lehen seta, 25-23. Errioxarrak, ordea, ez ziren atzean geratuko eta neurketa berdintzea lortu zuten, 19-25. Ez hori bakarrik, hirugarren zatian, lehia izugarriaren ostean, 24-26 aurre hartu zuen aurkariak. Asier Acuriolak zuzentzen duen taldeak ez zuen amore eman eta laugarren zatian euren onena emanaz, 25-21 irabazi eta bosgarren seta jokatzera behartu zuten aurkaria. 

Bi orduren ostean, taldeek nekea alde batera utzi eta azken jokoari egin zioten aurre. Azken segundora arte mantendu zen zirrara kantxan eta etxekoek 15 eta 13koa lortzean jokalari, talde tekniko eta Maialen Chourraut kiroldegiko zaletuek eztanda egin zuten.

"Errioxako taldea erasoan eta defentsan gogorra zela genekien. Gainditzeko gure onena eman behar genuen eta jokalariek finalean guzti eman zutela uste dut," adierazi du Ostadarreko entrenatzaileak.

Era horretara, denboraldiari amaiera bikaina eman dio Euskal Liga taldeak. Asier Acuriolaren taldeak urteko helburua bete du I. mailarako igoera eta horrez gain, bere mailako txapelketa ere lortu du.

Prestatzaile pozarrena gertu da taldeak egindako denboraldiarengatik eta erronka berrirako prestatzen hasiko direla jakitera eman du: "Erronka gogorra eta ilusionagarria da. Taldea denboraldiz denboraldi garatzen eta hezten joan da eta horrelako erronka behar zuela uste dut".