Maiatzeko jaialdia prestatzeko bilera irekia egingo dute asteazkenean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 10a, 13:25

Lasarte-Oriako Bizipoza Elkarteko eragileak buru-belarri ari dira maiatzean egingo duten jaialdia prestatzen; kulturartekotasuna lantzen ari dira aurtengo ikasturtean eta gai horretan ardaztutako topaketa aurrera eramango dute. Horretarako, herritarren ekarpenak eta laguntza eskatu dituzte.

"Kaixo Lasarte-Oriako herritar horri, Euskal Herrian jaio ez baina gurean bizi zarenari, edo bertan jaiota kulturartekotasuna maite duzun horri! Bizipoza Elkartetik luzatzen dizugu honako informazioa… eta gonbidapena.

Lasarte Oriako Bizipoza, Ttakun eta Kumme Elkarteak, herriko ikastetxeekin batera, kulturartekotasuna lantzen ari gara ikasturte honetan eta Maiatzean egingo dugun ekitaldi alai baten bidez plazaratu nahi dugu landutakoa, denona eta denontzat maite dugun herria balioan jartzeko.

Ikastetxeen eta hezkuntza ez formalaren ekarpenek hartuko dute herriko plaza. Baina helduentzat eta familientzat, zuentzat ere, bada tokia asmo eder honen baitan eta zuei dagokizuenez, kultur adierazpen ezberdinak elkartu nahi ditugu jaialdi batean, norberak egoki ikusten duen modu xumean parte hartuz, kultura eta gastronomia oinarri hartuta. Hitz batzuk izan daitezke, baita ipuina, bertsoa, kantua, dantza, jolasa edo egoki ikusten dena, eta dastatzeko prestatu daiteken janari edo edaria.

Elkar ezagutzea eta elkarrekin bidea egitea da helburua, lagun giroan. Horretarako Lasarte-Oriara aspaldi edo orain dela gutxi bizitzera etorritako jatorri eta kultura ezberdinetako kide eta familiak kontuan izango zaituztegu eta aniztasunaren balioetan sinesten duzuen herritarrak. Horregaitik gonbidatu nahi zaituztegu bilera batetara.

Gure asmoa zuekin partekatzeko, ekimena noiz eta nola egin elkarrekin erabakitzeko.  Zuen ekarpena, txikia izanda ere, garrantzitsua da guretzat; iritzi bat, esku bat botatzea, parte hartzea… 

Bilera irekia datorren asteazkenean izango da, hilak 12, 19:00etan, Ttakunenean (Iñigo de Loyola kalea, 6). Etortzea ahalko bazenute bihotzez eskertuko genuke zuen presentzia. 

Agur bero bat, eta laster arte! 

Lasarte Oriako Bizipoza Elkartea.