Meza rozieroa egin dute Semblante Andaluz Elkartekoek San Pedro Parrokian

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 9a, 19:15

Andaluziaren eguna ospatzeko asmoz, hainbat ekitaldi antolatu dira azken asteotan. Gaurkoan, eguerdi partean, meza rozieroa eman da San Pedro Parrokian. Eliza leporaino zegoelarik, Semblante Rocieroko koruak abesteaz gain, lau dantzarik sevillana bat dantzatu dute. 

Meza rozieroa egin dute Semblante Andaluz Elkartekoek San Pedro parrokian, gaur eguerdian. Andaluzia ospatzearren antolatu dute ospakizun berezi hau. Gitarrak, flautak, erritmo kaxa eta emakumezkoen zein gizonezkoen ahots mordoa. Errepertorioa ere ugaria izan arren, bertaratutakoak ahopeka esaten aritu dira kantuen letrak, ordubeteko emanaldian. Amaieran, lau dantzarik, Elizako frontoian kokatuta, azken abestiaren doinuarekin batera, sevillana bat dantzatu dute. 

Bestalde, Espainia hegoaldeko probintzia hori laudatzearren, meza amaitu ostean, Semblante Andaluz Elkartearen egoitzan bazkaldu dute eragile horretako kideek eta udal korporazioko ordezkariek (PSE-EE, EAJ eta EH Bilduko zenbait zinegotzi bertaratu dira). Mahaietan eseri eta mahai tresnak dantzan jarri aurretik, Andaluziako ereserkia abestu dute, Semblante Rociero koruko lagunen erritmoari jarraituta. Honako menu hau dastatu dute: hestebeteak, arrain pastela, perretxiko hostopila eta marisko krema, hasteko; txahal masailak patata purearekin edo bakailao gratinatua piperradarekin, jarraian; eta krema eta nata hostopila, postrerako. Segidan, Jose de la Bahia eta Dani Ayala musikarien flamenkoek kontzertu bat eskaini dute egoitza berean eta txalo ugarirekin saritu dute ikus-entzuleek bi artista horien jarduna.